Ebro Etxeak Ondare Historiko eta Arkitektonikoen Katalogoan jarraituko du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko uzt. 30a, 09:21

Udalbatzak aho batez erabaki zuen atzoko bilkuran Ebro Etxea udal katalogoan mantentzea. Eusko Jaurlaritzak eraikina Babes Ertaineko Kultura Ondare izendatzeko prozesua jarri du abian. 

2020ko urrian egindako osoko bilkuran Udalbatzak onartu zuen Ebro Etxea ateratzea Hiri Antolamenduaren Ondare Historiko eta Arkitektonikoko Katalogotik, EAJ alderdiaren aldeko botoekin. Atzo egin zen uztaileko udalbatzarrean, ordea, atzera egitea erabaki zuten udal talde guztiek aho batez; horrenbestez, katalogoan jarraituko du Ebro Etxeak. Alderdi jeltzaleak eraman zuen atzera egiteko proposamena batzarrera, izan ere, 2020ko urrian hartutako erabakia jendeaurrean jarri zenean, 21 alegazio idatzi aurkeztu zitzaizkion, denak proposamenaren aurkakoak. Eraikina katalogoan mantentzearen aldeko sinadura bilketa ere abiatu zen, eta 1.151 lagunek egin zuten bat.

Hori ikusita, Alkatetzak erabaki zuen beste txosten bat eskatzea aditu bati, eta hark ondorioztatu zuen eraikinaren ondare balioaren ikuspegitik ezin dela eragotzi "bertan esku hartzea edota hura ordezkatzea". Kontrako iritzia du Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondare batzordeak, ordea, eta hark ebatzi du Babes Ertaineko Kultura Ondare izendatzea eraikina. Martxan da horretarako prozedura.

Xabier Txurruka alkateak bilkuran azaldu zuen hainbat bileraren ondorengo emaitza zela atzera egiteko erabakia, eta jakitera eman zuen Europako dirulaguntzen babesa egon daitekeela datozen aurrekontuetan, kultura ekipamenduen isolamendu termikoa garatzeko. Aurreratu zuen datozen aurrekontuetan EAJk proposatuko duela Ebro Etxeako teilatua eraberritzera bideratzea partida bat.

Iritzi ezberdinak

Gloria Vazquez PSE-EE alderdiaren bozeramaileak azaldu zuen "pozgarria" dela beraientzat katalogoan mantentzearen proposamena, eta aurrera egingo balu, eraikinari orain duena baino babes handiagoa ezartzea ere egoki ikusiko luketela.

Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak ere pozgarritzat jo zuen erabakia, baina prozedurak koalizioko kideei "harridura" eragin diela ere azaldu zuen, urriko udalbatzarraren ondoren Jaurlaritzari eskatu beharreko txostena ez zela eskatu argudiatuta. "Bi kanpo txosten eskatu dira balorazioak egiteko, eta ez dugu ulertzen nola ez zen lehenago Eusko Jaurlaritzako txostena eskatu, baldin badakigu katalogotik ateratzeko ezinbestekoa zela txosten hori eskatzea", esan zuen Muruak. 

Alkateak Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko adituari eskatutako txostenaren zati batzuk irakurri zituen bere bigarren eta hirugarren hitzartzeetan, eta haren arabera, zalantzagarria zen eraikinari eman beharreko babes maila, hainbat alderditatik behatuta. "Argi dago Ebro Etxea Mendilautako eraikin gehienak baino zaharragoa dela" (...) "kontua da ea ezaugarri horiek nahikoa diren babes maila emateko", azaldu zuen alkateak. Gaineratu zuen bera ados dagoela txostenak dioenarekin, baina hala ere atzera egitea eta katalogoan mantentzea babestuko duela EAJk.

Dena den, Txurrukak zehaztu zuen Ebro Etxeari babesa gehitzeko Eusko Jaurlaritzak abian jarritako prozesuari alegazioa aurkeztu diola Euskal Herriko Arkitekto Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako Ondare Batzordeak, baita alkateak berak ere. "Balio historikoa duten kultura ondasunak babesteko planteamendua bermatzeko, balio horiek egiazteatzen dituzten ondasunak hautatu behar dira. Lehentasunezkoa da balioa duten eraikinak ez ezabatzea, baina, era berean, zaindu behar da gehiegizko arinkeriak ez dezala behartu baliozko ezaugarririk ez duen arkitektura piezak babestera, ordezkapen ez oso egokiaren beldur izate hutsagatik", eman zuen azalpena. Gipuzkoako Arkitektoen Elkargoko kideei Jaurlaritzak Ebro Etxearen inguruan abian jarritako prozedura "astakeria" iruditu zaiela ere gaineratu zuen alkateak, "Ebro Etxea ez delako Narros".