Oriotik Getariara, euskal presoen aldeko aldarria

Onintza Lete Arrieta 2021ko uzt. 31a, 11:08

Oriotik oinez iritsi da malekoira presoen aldeko herritar talde txiki bat, eta han txistulariek harrera egin ondoren, zarauztarrak batu dira martxara, eta Getariarantz jarraitu dute oinez kostaldetik, euriari aurre eginez. 11:30ean hasiko da han eskualde mailako ekitaldia.

Ibilian-ibilian dinamikaren barruan, ekitaldi bana dituzte prestatuta gaurko eta biharko Etxeratek eta Sarek. Gaur oinez bi zutabe iritsiko dira Getariara euskal presoen, iheslarien eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatzeko, bat Zumaia aldetik, bestea Zarautz aldetik, eta han bat egingo dute, ondoren eskualde mailako ekitaldian parte hartzeko.

Bihar, berriz, urteroko hitzordua izango da hondartzetan ere euskal presoak gogoraratzeko. Zarautzen eta Orion dira hitzorduak. 12:00etan elkartuko dira Musika plazan Zarautzen, eta autobide azpiko zubian, Orion.