Sei segundogatik aurre hartu dio Tiranek Zarautzi gaur Eusko Label ligako estropadan

Onintza Lete Arrieta 2021ko abu. 1a, 14:46

Santurtzin jokatu dute gaur eguerdian estropada 11 taldek Lekittarrak ezin izan duelako parte hartu, eta azken postu horretan amaitu du lehia Zarautz-Gesalaga-Okelanek. Momentu batzuetan eskura eduki du hamargarren postua, baina Tiranek aurre hartu dio azkenean. Datorren asteburuan Galizia aldean jokatuko dituzte bi estropadak.

Atzo Hondarribiak eman bazuen erakustaldia Bilbon erlojuaren aurkakoan, gaur Santurtzik gauza bera egin du etxean jokatutako estropadan. 11 segundoko aldea atera dio bigarren eta hirugarren egin duten Hondarribia eta Donostiarrari, eta hamaseikoa, laugarren izan den Oriori.

Hamar estropada falta dira oraindik liga amaitzeko, baina asteburu honetan bai Santurtzik, bai Hondarribiak, erakutsi dute indartsu daudela, eta sailkapen orokorrean ere pauso bat gehiago eman dute.

Zarautzek aurreneko txandan jokatu du gaurkoan ere, baina besteek aurre hartu diote, baita bigarren txandan lehiatu den Tiranek ere. Momentu batzuetan bazirudien Zarautzek egingo zuela denbora hobea, baina azkenean sei segundo aldearekin aurrea hartu dio Tiranek. 20:24,24 denbora egin du Enbatak, eta 20:18,06, berriz, Tiranek. 

Laster etxean lehiatu ahalko du Enbatak, abuztu erdialdean urtero bezala Zarauzko bi banderak izango direlako jokoan. Aurrez, ordea, Galizian dute hitzordua, datorren asteko bi norgehiagokak han lehiatuko baitituzte Eusko Label ligako traineruek.

Gaurko sailkapena

1 SANTURTZI 19:32,72  
2 GO FIT HONDARRIBIA 19:43,96  
3 DONOSTIARRA AMENABAR 19:44,52  
4 ORIO ORIALKI 19:49,36  
5 BERMEO URDAIBAI 19:49,84  
6 ARES 19:57,76  
7 ONDARROA CIKAUTXO 20:01,40  
8 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA 20:03,34  
9 CABO DA CRUZ 20:05,48  
10 TIRAN PEREIRA 20:18,06  
11 ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN 20:24,24  

Sailkapen orokorra

1 SANTURTZI 106
2 GO FIT HONDARRIBIA 101
3 ZIERBENA BAHIAS DE BIZKAIA 88
4 ORIO ORIALKI 86
5 DONOSTIARRA AMENABAR 84
6 BERMEO URDAIBAI AVIA 77
7 ONDARROA CIKAUTXO 56
8 CR CABO DA CRUZ 56
9 ARES 46
10 LEKITTARRA ELECNOR 43
11 SD TIRAN PEREIRA 33
12 ZARAUTZ GESALAGA-OKELAN 26