Udal elkarteko Hondakinen Mahaia "lehenbailehen" biltzea eskatu dio Urola Kostako EH Bilduk UKUEri

Argazkia: EH Bildu

Koalizioaren ustez "hondakin bilketa zerbitzuan gabeziak urte osoan daude", baina azpimarratu du horiek "areagotu" egiten direla uda sasoian. Horregatik, Hondakinen Mahaia "lehenbailehen" biltzea eskatu dio Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariari.

Urola Kostako EH Bilduk oharra kaleratu du, Urola Kostako Udal Elkarteari (UKUE) eskatuz konpon dezala hondakin bilketa zerbitzuan dagoen "arazoa". "Besteak beste, gero eta sarriago ikusten
ditugu ontzietatik kanpo edonola utzitako zabor-poltsak. Eta hau urte osoko arazoa bada ere, udan areagotu egiten dira bai poltsak eta bai horiek sortutako usainak eta trabak".

Horregatik, Hondakinen Mahaia "lehenbailehen biltzea" eskatu diote Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariari, "azken bi urteetan behin baino ez baita bildu" mahai hori. "Dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko ere eskatzen dugu".

Koalizioak gogorarazi du Urola Kostako Udal Elkartearen sorreran, "lehentasunezko zerbitzutzat" hartu zela hondakinen kudeaketa, eta, "horrenbestez, udal elkarteari eskatzen diogu hel diezaiola gaiari dagokion garrantziaz".

EH Bilduk komunikabideetara bidalitako irudietako bat.

EH Bilduk azaldu duenez, "aurreko legealditik hondakin-bilketaren eskumenak udal-elkarteari dagozkio, eta eskualdeko bi alderdi nagusiak, EAJ eta EH Bildu, akordio batera iritsi ziren zerbitzuaren kudeaketari dagokionez. Akordio horretan, besteak beste, gutxieneko sailkatze helburu batzuk ezarri ziren. Tamalez, ordea, azken bi urteetan, helburu minimo horietatik urrun egoteaz aparte, geroz eta utzikeria handiagoa nabaritu dute eskualdeko herritarrek".

Datu bat ere eman du koalizioak: 2017an zazpi hezitzaile arduratzen ziren hondakinen sailkapenaz EH Bilduren arabera, "eta egun, bi hezitzaile baino ez daude".