Baserrian ereindako rock-and-rolla

Mikel Lizarralde/Berria 2021ko abu. 3a, 12:09

O.K. Korral Zarauzko taldeari buruzko erreportajea plazaratu du gaur Berria egunkariak. Jorratu zuten musika eta beren ibilbidea aletu ditu Mikel Lizarralde kazetariak. 

Aitzindari izan zen, neurri handi batean, O.K. Korral taldea. Aitzindari, 1980ko hamarkadaren erdialdean euskal musikaren esparruan inor gutxik jotzen zuelako rock-and-rollaren iturrietara, eta aitzindari, euskal rock taldeetan emakumeak oso urriak ziren garai hartan O.K. Korralek bi zituelako: Lou Olangua abeslaria eta Eba Iturain bateria jolea. Garai hartako euskal musikaren esparruan nagusi ziren joeren aldean —RRVa eta folka—, oso bestelakoa izan zen O.K. Korralen proposamena, rock-and-roll, rockabilly, country eta folk doinuak ekarri baitzizkion euskarari. Ez alferrik, euskalbilli etiketa jarri zioten egiten zuten musikari.

O.K. Korral Zarautzen (Gipuzkoa) sortu zuten, 1985. urte aldera, Olanguak, Iturainek, Dani Ulaziak (gitarra) eta Goikok (baxua), baina aurretik Humedecidos taldean aritutakoak ziren lehenengo hirurak. Gerora jorratuko zituzten doinuekin alderatuta, Humedecidosen proposamena garai hartako after-punkera lerratzen zen gehienbat, eta euskarazko kantu bakan batzuk kenduta, gaztelaniazkoa zen haren kantutegia. Taldeak maketa bat grabatu zuen, eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Autodromo aretoan Eddie and The Hot Rods Ingalaterrako taldearekin jotzeko aukera ere izan zuen. «84ko udan, Humedecidos deseginez joan zen. Batetik, baxu jolea soldadutzara joan zen, eta, bestetik, gelditu ginenok ez genekien nondik jo», azaldu zioten taldekideek, 1987an, Muskaria aldizkariari. «Lau hilabetez kantuak egin genituen, eta baita hainbat bertsio prestatu ere, eta O.K. Korral izendatu genuena perfilatuz joan zen».

Hasieratik erronka izan zuten euskaraz abestea, nahiz eta inguruan «nahiko hila» ikusten zuten hizkuntza: «Guk ere ez dugu behar beste erabiltzen, eskolan eta kalean gaztelania inposatu digutelako txikitatik. Baina O.K. Korralekin hasi ginenean geure burua behartu genuen euskaraz abestera. Gainera, rock-and-rollera oso ondo egokitzen den hizkuntza da».

Egokitzapen garai bat igarota eta taldean aldaketa bat eginda —Iñaki Brakamontek Goiko ordezkatu zuen baxuan—, O.K. Korralek 1986an argitaratu zuen, Elkarren bitartez, taldearen izen bereko lehenengo diskoa, rock-and-rolla, rockabillya, countrya, psychobillya eta beste esentzia yanki batzuk biltzen zituen lana. Diskoak agerian uzten zituen, gainera, taldekideen zaletasunak, hainbat bertsioren bitartez: Komantxe (Link Wray), Tren bakartia (Milton Subotski eta Glenn Moore), Paradisua (Wilko Johnson), Tximu gorri (Chuck Berry), Bule bule (Sam The Sham)... «Rock-and-rolla betidanik gustatu izan zaigu. Ez ginen jaio tupea jarrita genuela, eta ez ziguten txupetea Bourbonen bustitzen, baina poliki-poliki joan gara hor sartzen», zioen Ulaziak diskoa atera berritan.

Jarraitu artikulua irakutzen berria.eus-en.