Urteroko diru bilketa egingo du AECC elkarteak larunbat eta igande honetan

Mireia Galarza Bastida 2021ko abu. 4a, 11:28

Zarauzko hainbat puntutan egongo dira boluntarioak asteburuan zehar, eta elkarteko kideek herritarrak animatu nahi dituzte ekarpena egitera. 

Minbizia duten pertsonen nahiz ingurukoen bizimoduan laguntzeko asmoz, Gipuzkoako AECC minbiziaren aurkako elkarteak urteroko diru bilketa antolatu du Zarautzen larunbat eta igande honetan, hilak 7 eta 8. 

Elkarteko boluntarioak Zarauzko hainbat puntutan izango dira asteburuan zehar, eta herritarrak animatu nahi dituzte laguntza eskaintzera. Izan ere, beraien hitzetan, pandemiak "areagotu" egin du gaixotasun hau dutenen "ahultasun egoera", eta hori horrela izanda, pertsona guztiek gaixotasunari aurre egiteko "aukera berdinak" edukitzen jarraitzeaz gain, "doako zerbitzuak" eskaintzen jarraitu nahi dute.

Abuztuaren 7an Lege Zaharren enparantzan, San Frantzisko kalean eta Santa Maria parrokian egongo dira boluntarioak. Hurrengo egunean, berriz, malekoian (Emakumeen Etxearen parean eta Berazan), Zarauzko AECC Gipuzkoako egoitzan, Nafarroa kalean, San Pelaioko parrokian, Karmeldarren komentu parean, San Frantzisko parrokian eta Santa Maria parrokian izango dira. 

Elkarteak azaldu duenez, boluntarioek ez dute pegatinarik emango koronabirusaren pandemia tarteko, eta segurtasun neurri guztiak beteko dituzte. Horretaz gain, itsulapiko guztiek QR kode bat izango dute dohaintzak egiteko, baita herrian zehar ipiniko dituzten kartelek ere.  

Itsulapiko digital bat ere jarri du elkarteak martxan hemen, edozeinek edozein gailutatik ekarpenak egiteko aukera izan dezan. Aldi berean, elkarteak boluntarioak nahiz Zarauzko Udala "eskertu" nahi izan ditu emandako laguntzagatik.