Beste mila kasu positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 8a, 14:24

Beherantz egin du kasu positiboen kopuruak Hego Euskal Herrian bezperako datuekin alderatuta. Hala ere, positibotasun tasak %10etik gora jarraitzen du. Herrietan izandako datuak jakiteko bihar arte zain egon beharko da.

1.000 kasu positibo izan ziren atzo Hego Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Bezperan zenbatutako kasuekin alderatuta, lau lurraldeetan izandako datuak batuta, egoerak hobera egin duela atzeman daiteke, ostiralean baino 181 kasu positibo gutxiago detektatu dituztelako. Hala ere, positibotasun tasak %10etik gora jarraitzen du Hego Euskal Herrian. 

Lurraldeei dagokionez, Araban 114 kasu izan dituzte, 472 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpo bizi diren 37 lagunek ere positibo eman dute. Nafarroari dagokionez, 189 kasu izan zituzten atzo, bezperan baino 50 kasu gutxiago.

Kasu positiboen kopuruak behera egin arren, positibotasun tasak oso goian jarraitzen du Hego Euskal Herrian: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa %11,3ko tasa dute; Nafarroan, berriz, %14,7koa. Ospitaleratuei dagokionez, 35 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, eta COVIDa duten 66 pertsona ZIUn daude gaur gaurkoz.

Osakidetzak ez du asteburuetan herri bakoitzeko daturik ematen. Horren berri bihar, astelehena, emango du.