Zarautzen jokatuko da 11. Euskal Herria Kopako finala

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 12a, 18:00

Reala, iazko txapelduna. (ehkirola.eus)

Abuztuaren 29an erabakiko da Zarautzen Euskal Herria Kopako txapeldun berria. 

Etzi hasiko da 11. Euskal Herria Kopa futbol txapelketa. Bi multzotan banatuta jokatuko dute aurten, eta bi txapelketa paralelo izango dira. Antolatzaileek azaldu dute "halabeharrez" jokatuko dutela horrela. "Izan ere, Euskal Herria Kopan parte hartzen duten futbol talde guztiek ez dute maila bereko lehiaketetan jarduten. Eta 2021/2022 denboraldiko lehiaketak sasoi berean hasiko badira ere, joan zen denboraldia ez zuten denek batera amaitu. Hori dela eta, ezin izan da finalera iristeko egin ohi den kanporaketa sistema bakarra antolatu".

A multzoan lehian lehen mailako lau talde ariko dira: Reala (iazko txapelduna), Athletic, Eibar eta Alaves. Hilaren 22an jokatuko dituzte finalerdiak; Realak Alavesen aurka, eta Eibarrek Athleticen aurka. Lau horien artean finalera heltzen diren biek jokatuko dute abuztuaren 29an Zarautzen, 12:00etan, Astiko zelaian. Uneko arauek zehazten duten edukiera gainditu gabe, zaleek futbolariak animatzera joateko aukera izango dute.

B multzoan, berriz, Multivera, Aurrera de Vitoria, San Ignacio eta Bizkarre taldeak ariko dira lehian.