Izena eman daiteke Trikitilari Gazteen 41. Txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 13a, 09:00

Modelo aretoan izango da aurten ere Trikitilari Gazteen Txapelketa. Musikariek abuztuaren 25era arte edukiko dute izena emateko aukera. 

Datorren irailaren 1ean izango da, Euskal Astearen barruan, Trikitilari Gazteen 41. Txapelketa Modelo aretoan, 19:00etatik aurrera. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko udaleko Jaiak eta Ekitaldiak departamentuan (Turismo Bulegoan edota 943-00 51 19 telefono zenbakira deituta), abuztuaren 25a baino lehen.

Irabazten duen bikoteak 250 euro, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu eta bigarrenak, berriz, 175 euroko saria. Herriko bokoterik onenak ere izango du sari berezia. Txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 70 euroko saria jasoko dute, eta kanporaketa gainditzen ez dutenek 50 eurokoa.

Txapelketaren oinarriak ere plazaratu ditu udalak, eta honako hauek izango dira:

  1. Maila bakarra izango da: Soinujoleak eta pandero-jotzaileak 20 urte bete gabe izango dituzte txapelketa egunean. Familia Liburuaren kopia edo NAN aurkeztu behar da.
  2. Talde bakoitzak bikote bat osatuko du: bi ilarako soinu diatonikoa eta panderoa.
  3. Parte hartzaileek lau pieza jo beharko dituzte: trikitixa, porrusalda, fandangoa eta arin-arina. Horietako piezaren bat norberak sortutakoa bada, epaimahaiak baloratu eta kontuan izango du. Izen ematea egiteko garaian norberak sortutako pieza zein den adierazi beharko da.
  4. Trikitilariek, trikitixa eta porrusalda koplaz lagundu beharko dute.
  5. Jotzen diren piezen orijinaltasuna mantenduko da, gehien bat fandango eta arin-arinetan.
  6. Janzkera tradizionalaren ezaugarriak mantendu beharko dira (tiranterik ez, eta abar).
  7. Epaimahaia osatuko duten pertsonak nortzuk izango diren txapelketaren egun berean jakinaraziko da, eta behin betikoa izango da horren erabakia.
  8. Gehienez zortzi bikotek parte hartu ahal izango dute txapelketan. Bikote gehiagok ematen badute izena kanporaketa egingo da eta fandangoa jo beharko dute. Horrela balitz, aurrez jakinaraziko da.
  9. Parte hartzaileek, kanporaketan pieza bat jo beharko dute eta ezingo da finalean errepikatu.
  10. Izenak Zarauzko Udaleko Jai eta Ekitaldietako departamentuan emango dira (Kale Nagusia 30) 943-00 51 19 telefonora deitu ta, abuztuaren 25a baino lehen.