Mozketak egingo dituzte asteburuan Getaria eta Zarautz arteko kostako bidean, estropadengatik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 13a, 12:06

Ibilgailuentzat txandakako trafikoa ezarriko da, eta behin 300 laguneko edukiera betetzen denean, oinezkoentzat itxita egongo da pasealekua.

Estropadak jokatuko dira bihar eta etzi Zarautz eta Getaria arteko uretan. Hori dela eta, aldaketak izango dira zirkulazioan bi herrien arteko kostako bidean. Ibilgailuentzat zabalik egongo da errepidea bi noranzkoetan, baina lehen tunelaren parean txandakako trafikoa ezarriko dute, semaforo bidez. Larunbatean 09:00etatik 22:00etara, eta igandean 08:00etatik 17:00etara egongo da errepidea baldintza horietan. 

Oinezkoentzat, berriz, itxita egongo da pasealekua. 300 arraunzalek aukera edukiko dute estropada eremura inguratzeko, eta horretarako sarrera Alle Puntaren parean jarriko dute, baina behin 300 lagunen edukiera betetzen denean, itxi egingo da pasealekua. Bigarren tuneletik Getariara arte, berriz, zabalik egongo da. Larunbatean 17:00etatik 20:00etara itxiko dute eremua oinezkoentzat, eta igandean, berriz, 11:00etatik 14:00etara.