Jokin Eizmendik irabazi du Igeldoko Harria, zazpigarrenez

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 15a, 09:13

Gainontzeko harri-jasotzaileei koska aterata irabazi zuen Eizmendik, nagusitasunez. Bigarren postua ere zarauztar batentzat izan zen; Mikel Lopetegi Urra-rentzat, hain zuzen ere.

Tamaina hartua dio Jokin Eizmendi harri-jasotzaile zarauztarrak Igeldoko Harriari. Zazpigarrenez irabazi zuen atzokoan txapelketa entzutetsua, hamazazpi altxaldirekin. Koska atera zien gainera gainontzeko harri-jasotzaileei, bigarrenak hiru altxaldi gutxiago egin baitzituen. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra geratu zen bigarren, 134 kiloko harri baldarra hamalau aldiz jasota.

Horrela geratu zen sailkapena atzokoan:

1-      Jokin Eizmendi  17 jasoaldi.

2-      Mikel Lopetegi Urra 14 jasoaldi.

3-      Beñat Telleria 14 jasoaldi.

4-      Gorka Etxeberria  13 jasoaldi.

5-      Aimar Galarraga  12 jasoaldi.

6-      Paulo Azpiazu  10 jasoaldi.

7-      Alex Merlo  8 jasoaldi.

Datorren urtean, Uliako harria

Harri-jasotzaileak lanean jarri aurretik, Uliako harria aurkeztu zuten atzoko txapelketan. Datorren urtean, emakumezkoek ere parte hartuko dute txapelketan, eta horiek Uliako harria altxatu beharko dute, 70 kiloko harri baldarra. Aurkezpenean izan ziren Joseba Ostolazaren eskolako lau harri-jasotzaile: Udane Ostolaza, Aroa Sanchez, Naiara Zumeta eta Ane Zinkunegi.

Argazkiak: Ibon Errazu