Abuztuaren 26an eta 27an izango dira Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketako kanporaketak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 17a, 10:31

2019ko sariketako finala.

Kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta gainontzeko lau bertsolariak puntuazio bidez erabakiko dira. 

Datorren asteko ostegunean eta ostiralean, hilaren 26an eta 27an, jokatuko dira Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketako bi kanporaketak. Imanol Urbieta Musika Eskolako aretoan izango dira bi saioak, 22:00etan hasita. Bi kanporaketetarako sarrerak doakoak izango dira.

Zortzi bertsolari gazte ariko dira kantuan saio bakoitzean. Ostegunekoan, honako hauek izango dira bertsolariak: Aitor Servier, Ekhiñe Zapiain, Kerman Diaz, Andoni Mujika, Iruri Altzerreka, Libe Goenaga, Uxue Alkorta eta Aitor Zubikarai. Ostiraleko saioan, berriz, ondoko hauek osatuko dute saioa: Sarai Robles, Txaber Altube, Urko Arregi, Maddi Aiestaran, Endika Legarra, Aissa Intxausti, Aimar Sorazu eta Julene Iturbe. 

Saioetako irabazleak zuzenean igaroko dira irailaren 3an Modelo aretoan jokatuko den  finalera, eta finalean kantatuko duten gainontzeko lau bertsolariak puntuazio bidez erabakiko dira. Finala ere 22:00etan hasiko da, eta sarrerak egunean bertan eskuratu ahalko dira, hiru euroan, aretoko leihatilan.