Ugazi Manterola: "Oso gustura ibili naiz txapelketan, baina ez dugu gure helburua lortu"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 18a, 10:00

Manterola, txapelketako partida batean. (Utzitakoa)

Jubenil mailako EHF Championship 2021 eskubaloi txapelketa jokatu du Klaipedan (Lituania) Ugazi Manterola jokalari zarauztarrak, Espainiako selekzioarekin. Nahi bezain emaitza ona lortu ez badute ere, esperientzia aberasgarria izan da kirolari gaztearentzat.

Lehen partidan zazpi gol sartu zenituen. Hasiera ona, ezta?

Bai. Kosovoren aurka jokatu genuen, eta ez genekien aurkariak nolakoak izango ziren. Pixka bat galduta joan ginen, ez genekielako zer egin behar genuen. Partida hasi zenean ikusi genuen erraz gindoazela, eta lehen partida horren erreza izateak aho zapore ona uzten dizu, ondo hasi ginen. Zalantza geneukan txapelketak aurrera egin ahala maila gora joango zen ala berdin jarraituko zuen. 

Eta nola jarraitu zuen? 

Hurrengo partida Finlandiaren aurkakoa izan zen. Beraiek defentsa hiru eta hiru egiten zuten [eskubaloian, defentsan jokalariak kokatzeko taktika bat], eta diferentea izan zen. Azkenean, jakin genuen nola atakatu defentsa horren aurrean, eta irabazi genuen. Gustura geratu ginen. Ondoren, Macedoniaren aurka eduki genuen partidua eta hori zailagoa izan zen. Hirugatik irabazi genuen, eta orduan sailkatu ginen hurrengo fasera. Taldeko azken partida Lituaniaren aurka jokatu genuen eta hori ere irabazi genuen. Finalerdietan, ordea gol bateko aldeagatik galdu genuen Islandiaren aurka. 

Zer moduzko esperientzia izan da txapelketa? 

Oso gustura egon naiz, baina ez dugu gure helburua lortu. Ahal genuen askoz gehiago egin, baina kirola horrelakoa da, beti ezin da irabazi, eta gure akatsetatik ikasi beharko dugu. Ea hemendik bi urtera zerbait gehiago egin dezakegun. 

Eskuin hegalean aritzen zara zu. Selekzioan zure postua baduzula sentitzen duzu? 

Titular atera naute partida guztietan. Gustura sentitu naiz, iruditu zait nigan konfiantza handia dutela entrenatzaileek, baina nik ez dut uste nire postua finkoa denik selekzioan. Jokalari finkoetako bat lesionatu egin zen iaz eta, orduan, ez dakit itzultzen denean zer gertatuko den. 

Beste deialdirik baduzue?

Espero dut baietz, baina 2022ko udan ez dago txapelketarik, beraz, ez dakigu zer gertatuko den. Europako txapelketa irabaziko bagenu mundukora sailkatuko ginateke, baina hirugarren geratu garenez, ez dugu aukera hori edukiko. 

Jubeniletako bigarren urtera pasatuko zara aurten. Nolakoa aurreikusten duzu denboraldia?

Oraingoz ez dakit. Aurredenboraldia Aialarekin egingo dut [senior taldea, Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen duena], eta denboraldian behar banaute igoko nautela esan zidan entrenatzaileak. Iaz ere antzera ibili nintzen, bost hilabete egin nituen Aialarekin, eta ea aurten zer gertatzen den. 

Zertarako gogoa daukazu zuk?

Aialarekin askoz gehiago ikasten dut maila handiagoa dagoelako hor. Asko irakasten didate. Baina jubenilekin jarraitzen badut ere gustura egongo naiz.