Gutuna: "Eskerrik asko, Iñaki"

Zarauzko Hitza 2021ko abu. 20a, 10:45
Iñaki Osaren baratzeko hesian jarritako eguzki-lorea.

Zendu berri den Iñaki Osari esker hitzak adieraziz, Zarautz-Arantzazu mendi-taldeak eta Zarauzko Erraldoiek idatzitako gutuna.

Badira lau hostodun hirustak, hondartzako hare bakarrak, ostaldeko izar distiratsuak, leundu nahi ez duten harribitxiak. Ez dira sarri aurkitzen, nahiz eta Galiziako meigen antzera, egon badakigun badaudela. Isilean laguntzen dute, bideari argia egin, gogortasun handienean ere bizitza samurtu. Herritartasunaren eredu dira, adiskidetasunaren erakusbide, eskuzabaltasunaren mirabe, lagunen morroi.

Gure artean aurkitzen dira, disimuluan, ingurunearekin mimetismo perfektuan, betirako izango bailiran. Falta direnean igartzen dugu errealitate iluna, haiek utzitako zulo beltza, arimaren herrena, hankak moztutako izpirituaren agonia. Ezustean joan zaigu Iñaki, eta gutxitan bezala, elkar lotzen gaituen urdinbrearen bilbea sumatu dugu gogoan, bazegoela herritar bereko egiten gintuen sarearen arrastorik oraindik, zarauztar izateak bazuela euskarri sendorik. Sare horretan egin digute tarrata, elkar lotzen gaituen korapiloak dardaratu, urratuaren adabakia josi ahal izateko itsasargiaren kinkeari erregaia eten.

Berehalakoan egin diguk adio, Iñaki, arropak plantxatu gabe, abarka eta botak lotzeko betarik eman gabe, ikurriña garbitu berria leihotik zintzilik, bustita oraindik... Musu txiki bat emateko eskubidea ere patrikan gorde duk, eskerrak emateko aukera gure esku gordinetan utziaz, umezurtz, jasotzailez antzu... inork hirekin zorrik ez duela erakutsi nahian, beti bezala. Heriotzean ere eskuzabal, Iñaki.

Baina ez diagu lepoa loditzeko asmorik, hirekin dugun zorra inoiz kitatuko ez dugula jakitun egon arren. Eskerrak Arantzazuko bidean emandako une ahaztezinengatik, bideko kantuengatik, emandako animo eta kemenagatik; eskerrak herria zurrunbilo bortitzaren inguruan alaitzeagatik, Hamelingo saguen antzera haurrak erakartzeagatik, jira-bira bakoitzean umeak liluratzeagatik; eskerrak aitona-amonei eragindako irribarreengatik, eskerrak dantzan jarritako bihotz saminduengatik, eskerrak ilusioz jasotako txupeteengatik... eta eskerrak hire laguna izateko aukera emateagatik.

Soinua isildu duk, panderoa mututu. Ez ditiagu hire aldarriak gehiago entzungo: "mielero", "hay antxoa!"... baina askotan entzundakoaren oihartzunak talka egingo ziguk belarrietan, isildu nahi arren, buru barrutik kanpora entzuten dena ezin baituk estali, ezin baituk gortu: "alperriek, alperriek!".

Enbata bezain urdina huen burua, zintzotasunaren ardatz lepoa, eta bihotza, berriz, zuria, gorria eta berdea, borrokalari sutsuen adiskidea. Atondu diate tokia zeruan, handia, ezinbestean, hire bihotza kabituko den zelaia ortzi-mugaz haratago doalako, begien bistak gaindi ezin dezakeen zorioneko eremua behar duelako izan. Hik emandako edabeaz elikatuko gaituk, malkoek ez diezaguten hire alaitasuna zapuztu; zarauztar izateaz harro, hi bezala.

Txilio bortitza entzuten duk: adarraren ulua Pagoetan, Talai Mendik eragindako txalapartaren tiriki-taukia, Indamendiren alboka karrankaria, Santa Barbararen trumoi-hotsa; saminari musika jartzea helburu, bihotzak darion atsekabearen burrunba pentagrama harmoniatsuetan txertatu nahian. Ezin, ordea, itsas enbataren orroa gailendu, ezta Zarauzko herriaren garrasi gordina ere, ezintasunak sortzen duen min garratza zaurietan iragazten baitzaiguk, inpotentzia bezain lakar, kresala bezain zaurgarri.  

Entzun ezak zarauztarron bular-hotsa, Iñaki, arrankin trankin trankun. Gure bihotzetatik abiatu eta joan hadi plazara, mundura, unibertso zabalera... izarren hautsarekin bat egiten duan arte. Hire euriaz bustiko gaituk, zarauztartasunez mela-mela egin arte.

Betira arte, Iñaki. Gure lur, gure ortzi, inoiz ahaztu ezingo dugun irrintzi.

Zarautz-Arantzazu mendi-taldea eta Zarauzko Erraldoiak