Erabakita geratu da Lizardi Sariko finalerako seikoa

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 28a, 13:00

Bigarren kanporaketako bertsolariak elkarrekin.

Txaber Altube durangarra nagusitu zen atzo iluntzean Musika Eskolako aretoan jokatu zen bigarren kanporaketan, txapelketako puntuazio handienarekin.

Bertsolari Gazteen XLV. Lizardi Sariaren lehen eta bigarren kanporaketak eginda, jada erabakita dago zein sei bertsolarik jokatuko duten irailaren 3ko final handia. Osteguneko saioan Aitor Servier bertsolari baionarra nagusitu bazen, atzokoan Txaber Altube durangarra izan zen jaun eta jabe, erakustaldi aparta emanez. Sekulako puntu sortarekin izan zen garaile; hala ere, kontuan izan behar da Sarai Robles barañaindarrak egindako lan benetan serioa, eta ongi lortutako bigarren postua.

Beraz, kanporaketetako garaile izanda, Servierrek eta Altubek zuzenean lortu dute finalerako txatela, eta bi saioetako lau puntuazio onenak kontuan izanda honako hauek izango dira haiekin Modelon izango direnak: Sarai Robles, Andoni Mujika, Aitor Zubikarai eta Ekhine Zapiain.

BIGARREN KANPORAKETAKO SAILKAPENA

1- Txaber Altube (Abadiño) – 206,5 puntu

2- Sarai Robles (Barañain) – 198 puntu

3- Maddi Aiestaran (Beasain) – 190,5 puntu

4- Aissa Intxausti (Lekeitio) – 189,5 puntu

5- Aimar Sorazu (Zarautz) – 186 puntu

6- Urko Arregi (Oñati) – 185 puntu

7- Endika Legarra (Iruñea) – 179,5 puntu

8- Julene Iturbe (Azkoitia) – 165 puntu