Espainiako Longboard Txapelketa irabazi du Jon Garmendiak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 30a, 10:19

Bigarren urtez jarraian jantzi du txapela surflari zarauztarrak. Iaz bezala, bere eskuez egindako taularekin eskuratu du garaipena.

Salinas herrian (Asturias, Espainia) jokatu dituzte azken hiru egunetan Espainiako hainbat kategoriatako longboard txapelketak, eta open kategorian Jon Garmendia zarauztarra izan da irabazle. Faboritoen artean zen Garmendia, izan ere, iaz ere txapela eskuratu zuen eta bigarren postua erdietsi zuen orain bi urte. Lanak txukun eginda, bigarren urtez jarraian titulu preziatua eskuratu du. Aurreikusten zen Garmendiak txapelketa ona egitea, eta horrek "presioa" eragin ziola azaldu du surflariak. "Finalerdietan oso urduri nengoen, maila handia zelako". Izan ere, "gero eta gazte gehiago" animatzen dira ohol luzearekin aritzera, eta "indartsu" datozela baieztatu du zarauztarrak. Salinasen txapelketa jokatzeko baldintzak "justukoak" izan zirela ere azaldu du, olatu txikiak baitzeuden.

Ohol luzearekin surflari aparta izateaz gain, taulagintzan ere aritzen da Garmendia. Izan ere, bai aurten bai iaz, berak egindako taulekin irabazi du Espainiako Txapelketa, eta bi urte horietan emakumezkoen txapelketan garaile izan den Carlota Jauregik ere Garmendiaren taulekin lehiatu du.

Iazko erreportaje honetan irakur daiteke gehiago zarauztarraren jardunari buruz.