Asier Puertas: "Harro nago mutilek erakutsi duten jarrera lehiakorraz"

(Utzitakoa)

Estropadaz estropada "duintasunez" borrokatu dutela nabarmendu du Asier Puertasek (Orio, 1975), baina ez da nahikoa izan Enbatak mailari eutsi ahal izateko.

Zer moduz zaudete animoz?

Beno, ondo gaude. Uste dut duela bi asteburu gogorragoa izan zela dena. Zarauzko estropaden ondoren itxaropen pixka bat bagenuen, eta lau estropadaren faltan, zazpi puntura geneukan igoera fasea. Gauzak ongi egiten baldin bagenituen, aukerak izan genitzakeela ikusten genuen. Duela bi asteburu, ordea, sekulako kolpea jaso genuen, bai Ondarroan, bai Hondarribian, eta orduan oso zaila jarri zitzaigun egoera. Edonola ere, borrokatzeko gogoz joan ginen Galiziara, inolako presiorik gabe, gure onena ematera, eta uste dut ongi moldatu ginela.

Behin maila galduta, taldea lur jota geratu al da? Oro har, zer sentipen duzue?

Ez, ez gaude horrela. Taldea borrokan aritu zen Tiranekin larunbatean azken unera arte, eta ez genuen une batez ere amore eman, ezta lehia galdutzat eman ere. Igandean, gainera, txanda irabaztekotan ere izan ginen. Horrek erakusten du arraunlariak lehiatzeko gogoz daudela eta ez dugula gaizki bukatu.

Zer falta izan zaizue denboraldian zehar? Azken momentuko puntu hori, akaso?

Posible da. Baja asko izan ditugu iaztik hona, eta Oinatz Arretxeren ezbeharrak ere ez digu lagundu. Gainera, TKEn dagoen maila egundokoa da, goiko taldeetan daude arraunlari onentsuenak, eta, zentzu horretan, gu etxeko taldea gara, gehienbat bertako jendearekin osatutakoa. Beraz, zaila izaten da gainerako taldeekin lehiatzea. Agian, gaztetasunak eta zailtze nahiz esperientzia faltak eragina izan du gugan, baina iruditzen zait duintasunez borrokatu dugula estropadaz estropada.
Bestalde, zortearen faktorea ere ez dugu alde eduki: segundo bateko edo gutxiagoko aldeagatik sei puntu inguru galdu ditugu ligan, eta irabazi, berriz, bakarra. Egoera nola aldatuko zatekeen puntu horiei ihes egiten utzi izan ez bagenie... Hala ere, ez dut uste udan zehar gaizki moldatu garenik, baina ez da nahikoa izan mailari eusteko.


Astero-astero eskifaia motibatzea lan zaila izan al da?

Ez, alde horretatik, oso harro nago taldeak estropadak borrokatzeko erakutsi duen grinaz. Egoera latza izan den arren, erakutsi du talde gogorra dela buruz eta ez duela amore eman inoiz. Probaren bat kaskarrago atera bazaigu ere, azkenak izan garen gehienetan ehunen eskas batzuengatik izan da. Beraz, oso harro nago mutilek erakutsi duten jarrera lehiakorraz.

Azken estropadetan, agian, KAE 1 ligan izango zenuten burua...

Egia esan, estropadaz estropada joan gara, unean unekoa ahalik eta ondoen egitera. Sekula ez gara jarri datorren urteari begira edo zer gertatuko zen pentsatzen. Aurtengoan zentratuta egon gara, eta mutilei zuten onena aterarazten ahalegindu gara une oro.


Orain, hausnartzeko momentua iritsi al da? Datorren urtekoa pentsatzen hasteko garaia, alegia?

Orain, Kontxako estropadari begira gaude. Gure mailarik onena eman nahi dugu, eta gauzak ongi egiten baditugu, aukerak eduki ditzakegula uste dut. Ez gaude horren urrun. Saiatuko gara ehuneko ehun ematen, hori baita gure helburua. Kontxarako sailkatzen bagara, luzatu egingo dugu denboraldi bukaera. Ondoren, iritsiko dira hurrengo egunak, elkartuko gara eta hausnartuko dugu aurtengoari nahiz datorrenari buruz. Izango dugu horretarako unea ere.

Iazko Kontxako balentria berrestea posible dela uste al duzu?

Bai, nik posible ikusten dut, gauzak oso ongi eginez gero. Ondo aritu garen egunetan ez gara horren urruti ibili maila horretara iristeko, baina, esan bezala, xehetasun guztiak primeran atera behar zaizkigu, eta dena ongi zainduta eraman behar dugu. Finean, dena eman beharko dugu, eta sailkatzen bagara, primeran. Justu ibiltzen bagara, gu baino hobeak izan direlako izango da. Guk behintzat gustura geratu nahi dugu egindako lanarekin. Hortik aurrera, ea emaitzak laguntzen digun.


Jokatzear al duzue denboraldiko estropada onena?

Hori pentsatu nahi dut, eta uste dut oso momentu onean iritsiko garela sailkatze probara. Igandean erakutsi genuen nola aritu gaitezkeen arraunean. Estropada horrek konfiantza emango digu. Beraz, dudarik gabe, urteko estropadarik onena egitera uretaratuko gara.