Bi koronabirus kasu berri atzeman dituzte herrian

Andoni Elduaien 2021ko ira. 2a, 13:03

Zarautzen bi positibo zenbatu dituzte, baina hala ere behera egin du intzidentzia tasak, eta 149,91koa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren bilakaera zehazten duen txostena, eta haren arabera, eskualdean hamar positibo zenbatu dituzte azken orduetan.

Zarautzen bi positibo zenbatu dituzte, baina hala ere behera egin du intzidentzia tasak, eta 149,91koa da. Azpeitian zenbatu zituzten atzo eskualdeko kasu gehien; han, lau positibo hauteman zituen Osasun Sailak, eta intzidentzia tasak gora egin du berriz ere; 262,81eko zenbatekoa dute egun han. Zestoan, Zarautzen bezala, bi positibo zenbatu dituzte. Han ordea, gora egin du intzidentzia tasak, eta 359,53an dago egun. Azkoitian eta Zumaian, ostera, positibo bana atzeman dute; Azkoitian intzidentzia tasak gora egin du zerbait, 200,28an kokatuz. Zumaiako tasa, berriz, 234,05ekoa da, atzo baino baxuagoa.

Gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu. Errezil izan ezik –805,15–, beste herri guztiak eremu horiaren eta laranjaren artean daude, hala nola Aia –100,76–, Aizarnazabal –390,12–, Beizama –hutsean–, Getaria –353,36– eta Orio –65,23–. Azken herri hori, gainera, eremu berdera sartzetik oso gertu dago.

Positibo eta ospitaleratze gutxiago

Hego Euskal Herrian atzo, asteazkena, herenegun baino positibo gutxiago zenbatu zituzten. Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 498 positibo atzeman zituzten. 50 kasu zenbatu zituzten Araban, 199 Bizkaian, 136 Gipuzkoan eta 101 Nafarroan; lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean, bestalde, hamabi positibo detektatu zituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.930 proba egin zituzten guztira, eta positibotasun tasa %6,7an kokatu zen. Nafarroan, ostera, 1.372 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %7,2koa izan zen.

Araban, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak behera egin du, eta hiru lurralde horietako batez bestekoa 298,95ekoa da. Eremu laranjatik horira pasatu dira, beraz, hiru lurralde horiek. Bestalde, herenegun baino gaixo gutxiago artatu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Hain zuzen ere, 38 ospitaleratze izan ziren hiru lurralde horietan; guztira, 198 lagun zeuden atzo ospitaleratuta –212 ziren herenegun–. ZIUn, berriz, 73 pertsona zeuden, herenegun baino bi gehiago. Nafarroan, aldiz, bost lagun ospitaleratu zituzten atzo; guztira, 76 pertsona zeuden Nafarroako erietxeetan –herenegun baino lau gutxiago–, eta 25 ZIUn –herenegun bezala–.