Seikoa txapel beltzaren bila

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 3a, 11:00
Ostiraleko kanporaketako talde argazkia. (Utzitakoa)

Eskolarteko txapelketatik plazarako jauzia emateko akuilu izan ohi dira bertsolari gazteen sariketak. Horietako bat da Lizardi Sariketa, eta txapeldun berria izango du gaur.

Erabakita dago gaur izango den Bertsolari Gazteen 45. Lizardi Sariketako finalean nortzuk ariko diren kantuan. Izan ere, kanporaketa bana jokatu zen aurreko asteko ostegunean eta ostiralean Imanol Urbieta musika eskolan, eta azken saioko puntuazioa jakitera ematearekin batera zehaztu zen finaleko seikoa.

Eskolarteko txapelketetatik plazarako jauzia egiten lagundu ohi diete bertsolariei gazte sariketek, eta sona handikoa da uda amaieran Zarautzen egin ohi dena. Urteroko moduan, kanporaketa bakoitzean 25 urtez azpiko zortzi bertsolari aritu ziren bat-batean, eta bakoitzeko irabazleaz gain, beste lau bertsolarik edukiko dute aukera gaur oholtzara igotzeko. Aitor Servier azkaindarrak (Lapurdi) irabazi zuen lehen saioa, eta Txaber Altube abadiñarrak (Bizkaia) bigarrena. Puntuazioen hurrenkerari erreparatuta, ondorengo lau bertsolariek lortu dute finalerako txartela: Sarai Roblesek, Andoni Mujikak, Aitor Zubikaraik eta Ekhine Zapiainek. 

Bertsolariek ondorengo ariketak egin beharko dituzte gaurko saioan: zortziko handiko ofizioa, zortziko txikiko ofizioa, hitzari bertsoa hamarreko txikian, seiko motzeko ofizioa eta, kartzelako ariketan, bi punturi erantzun eta gaiari bina bertso bota, neurri eta doinu librean. Finala Modelo aretoan izango da 22:00etatik aurrera, eta sarrerak ordubete lehenago egongo dira salgai aretoko leihatilan bertan, hiru euroan.