Erantzun ona izan dute naturguneetako bisitek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 3a, 10:30

Gaur izango da Zingira basora antolatutako udako azken bisita gidatua. Balorazio zehatzik oraindik egin ez badute ere, herritarrek nahiz bisitariek interesa azaldu dute gune babestuekiko. 

Zarautz inguruko paisaia naturala, bertako landaredia zein animaliak aditu baten eskutik hobeto ezagutzeko aukera izan da amaitzen ari den uda honetan. Udaleko Ingurumen Sailak Debanatura enpresarekin elkarlanean antolatzen ditu Zingira basora eta Iñurritzako biotopora bisita gidatuak, eta uda honetan izan duten erantzunarekin gustura agertu dira sustatzaileak.

Dena den, oraindik bisitak amaitu ez direnez, balorazio orokorra soilik egin dute momentuz. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak jakitera eman duenez, batez beste hamabost lagun inguruk parte hartu dute bisita bakoitzean, eta gehienak inguru hurbilekoak izan dira. Uztailean gehienbat zarauztarrek parte hartu zutela azaldu du zinegotziak, eta abuztuan, Gipuzkoako nahiz Espainiako bisitariak animatu direla. Espainia ez den beste lurraldeetako bisitaririk, berriz, ez dute izan. Bisitetan parte hartu duten gehienak adin nagusiko herritarrak edota  familiak izan direla ere zehaztu du zinegotziak. Zingira basoko bisitetan, arkamurka basoaz gain, Vista Alegreko parkea eta Mutxio ingurua ere aztertzen dituzte, eta Iñurritzakoetan, gainera, bertako hegaztiak behatzeko tartea ere izan ohi da. Guztia aditu baten gidaritzapean egin ohi dute.

Vazquezek azaldu du jendeari "interesatzen" zaiola ingurua, eta "kezkatzen" dela gune babestuez. Gaineratu du zarauztar askok dagoeneko eginak dituztela bi bisitak, eta udalari eskatu diotela aukera zabaltzeko. Hori dela eta, Ingurumen Sailak hirugarren txangoa txertatzeko asmoa azaldu du, nahiz eta oraindik datarik ez duen iragarri. Irita, Asti eta Tejeriako haltzadia batuko dituen ibilbidea litzateke hirugarrena, hori ere Eraztun Berde Urdinaren barruan kokatua.

"Zer dagoen ezagutzen bada, hobeto zaintzen da", dio zinegotziak. Izan ere, desagertzear dauden hainbat landare topa daitezke Iñurritzako biotopoan: Galium arenarium espeziearena da kasurik bereziena, Iberiar penintsula osoan desagertuta dagoelako eta Iñurritzan soilik topa daitekeelako. Debekuak debeku, ohikoa da jendea dunetan nahiz paduran ikustea, galarazita egon arren. Hori saihestu ahal izateko kartelak nahikoa ez direla jabetuta, hezitzaile bat jarri du udalak inguru horretan jendea ohartarazteko, baina Vazquezek bestelako neurriak ere hartu nahi ditu, soken ordez sareak jartzea kasu.


Azkena, gaur

Ostiral batean Zingira basora eta hurrengoan biotopora, txandaka egin dituzte uda honetako bisitak. Iñurritzako txangorako gehiago itxaron beharko den arren, interesa duenak gaur bertan izango du Zingira basoan egingo den udako azken bisitan parte hartzeko aukera.

Izena eman nahi duenak 943-83 90 09 telefono zenbakira deitu beharko du edo turismo bulegora jo. 18:00etan abiatuko dira bisitariak Aiten Etxe jatetxea zenaren paretik, eta 20:30 aldera itzuliko.