Arranok tabernako bi langileri eginiko eraso matxistak salatu ditu

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 6a, 16:35

Azken bi ostiraletan bezero baten jazarpenak eta mehatxuak jasan behar izan dituzte langileek. Mugimendu feministarekin elkarlanean ari dira erasoari erantzun bat emateko.

Arrano Kabia Elkarteak jakinarazi du haien tabernako bi langile emakumek eraso matxista «onartezina» jasan dutela, eta gogor salatu dituzte horren inguruan izandako gertakariak. 

Azken bi ostiraletan gertatu direla zehaztu dute prentsa ohar bidez. Azaldu dutenez, abuztuaren 27an bota egin zuten bezero bat tabernatik, hainbat ika-mika izan ondoren. Ixteko unea iritsi zenean, bezeroa berriz agertu zen eta erdi biluzik Arranoko langileak iraintzen eta jazartzen aritu zen denbora luzez. Hurrengo egunean, Arranoko langileek salaketa jarri zuten gertatutakoaren berri emanez. Astebete geroago, irailaren 3an, pertsona bera agertu zen taberna ixteko unean eta, berriz ere, bi emakume langileen aurka jazarri zen. Elkarteak zehaztu du bigarren aldi horretan, gainera, «mehatxuka» aritu zela etengabe.

«Jakin badakigu, bizi garen jendarte patriarkal honetan eraso matxista ugari ematen direla egunerokoan. Edonola ere, ezinbestekotzat jotzen dugu horietako bakoitza behar den bezala aitortzea, berau salatzea eta gure herriko plaza, kale eta tabernak eraso matxistarik gabeko gune seguruak bilakatzea», azpimarratu du Arrano Kabia Elkarteak: «Bide horretan, esan bezala, halakoak lau haizetara zabaltzea eta erasotzaileak parez pare izango gaituztela azaltzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Ez dugu horrelako erasorik onartuko gure elkartean eta tabernan!».

Aipatu gertakariak eta jazarpenak publiko egitea erabaki dute erasotutako langileekin hitz egin ostean, haiek ere «salaketa publikoaren beharra» ikusten dutelako. Era berean, Arranoko langileak eta elkarteko langileak Zarauzko mugimendu feministarekin elkarlanean ari dira eraso matxistari erantzuna emateko asmoarekin.