Amaia Zubiria: "Hobe dugu edertasunera lotu, etiketak kenduta"

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 8a, 10:18

Adarretatik Musika Jaialdiaren barruan zintzilik geratu zen Amaia Zubiriaren (Zubieta-Donostia, 1947) kontzertua izango da gaur, Modelo aretoan. Euskal kantagintzan oinarrituko da batik bat bere emanaldia.

Adarra Saria eman zizuten ekain bukaeran, eta handik hilabetera Adarretatik jaialdian kontzertua eskaintzekoa zinen. Adarra eta Adarretatik. Bizitzak dituen kasualitateak!
[Barreak] Ez dakit, bada! Hori antolatzaileek jakingo dute ondoen... Nik, behintzat, ez dut ideiarik. Niri deiu egiten didate, eta ongi iruditzen bazait edo ongi badatorkit baietz esaten dut. Gainerako guztiak ihes egiten dit.

Zoritxarrez, uztaileko emanaldi hura bertan behera utzi behar izan zenuten, taldekideetako baten osasun arazoengatik.
Hala izan zen. Susto bat izan genuen Karlos Gimenezekin, eta, zorionez, gero ez zen ezer izan. Bere egoera zein zen kontuan izanda, badaezpada ere atzera egitea erabaki genuen. Ondoren, aukera izan genuen data berri batekin kontzertua berriro antolatzeko, eta irailaren 8rako antolatu dute. Beraz, kontent gaude. Data horrekin, gainera, gogora etorri zaizkit Euskal Jaiak eta halako gauzak, baina aspaldiko kontuak dira haiek.

Bada, Euskal Astearen barruan txertatu dute zure kontzertua.
Hara! Badu zentzua, bai.

Adarra Sarien ondotik eskainiko duzun lehen zuzenekoa izango al da Zarauzkoa?
Ez, zenbait gauza egin ditugu harrezkero. Adibidez, Sorian [Espainia] izan ginen Poesiaren Astean.  Aurten Euskadi izan da omendua, eta aukera horrekin deitu ziguten bertan jotzeko. Oso polita izan zen hango teatroan abestea, eta esperientzia atsegina izan zen. Bestalde, aitzakia ederra izan zen hainbat jende ezagutzeko eta aspaldiko lagunekin topatzeko, esaterako, Tere Irastortza idazlearekin. Topaketa izugarri hunkigarria izan zen.
Bestalde, Euskal Herrian egin ditugu saiakera batzuk, baina emanaldi osoak oraindik ez. Zentzu horretan, Zarauzkoa izango da hurrengoa.

Soriako formatu berean etorriko zara? Karlos Gimenez, Luis Camino eta Gonzalo Tejadarekin, alegia?
Sorian hiru izan ginen, eta Zarautzen lau izango gara. Aipatu dituzun hiru horiek eta ni neu. Denak musikari bikainak dira, eta aspalditik ezagutzen ditut. Ez galdetu zergatik jotzen duten nirekin [barreak], baina asko-asko maite ditut.

Zure ibilbide luze eta oparoko errepertorioa izango da entzungai, ezta?
Beno, gauza xaloa egiteko asmoa dugu, baina azkenaldi honetan nire kantuekin eginiko errepertorioa osatzen ari bagara ere, oraingo honetan sartuko ditugu Nabil diskoko euskal kanta zaharragoak nahiz Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren kantuak. Sorian ere berreskuratu genuen  aspaldian jo gabe geneukan Ikara da abestia. Talde honek ez zuen gogoan, baina Pascal Gaigne gurekin zen, eta oroitzen zen berak egindako arregloez. Tere Irastortza zenez abestiko letraren egilea, zuzenean jo behar genuen bai ala bai. Azkenean, oso polita atera zitzaigun.

Eta hori joko duzue Zarautzen?
Nik uste dut baietz. Animatuko ditut taldekideak jotzera [barreak]. Oro har, nahiko kontzertu intimoa izango da. Normalean, jende gehiago behar izaten dugu umorezko gauzak sartu ahal izateko, baina tira... Niri ere gustatzen zait giro malenkoniatsua edo lasaiagoa batzuetan, eta jendeari ere abesti horiek atsegin zaizkio. Ez da sinplea izango, musika ez delako inoiz sinplea, baina entzunerraza edo gozagarria izatea nahi dugu.
Adarra Saria eman zizutenean adierazi zenuen beti saiatu zarela kantu atenporalak egiten.
Bai, hori horrela da. Baina oraingo honetan batzuk dira zaharrak, besteak aspaldikoak eta, konturatu naiz, nire adina dela eta, nireak berriak izanik ere, zaharrak direla [barreak]. Azkenean, hobe dugu kartel edo etiketa horiek kendu, eta edertasunera lotzea. Alegia, jendearentzako ederrak izan daitezela, batzuk ezagunagoak eta besteak ez horrenbeste. Musikari bat oso famatua denean eta bere diskoak asko saldu direnean, egia da publikoak asko baldintzatzen duela errepertorioan. Nire kasuan, aitzitik, ez dago arazo hori. Nire abestiak ez dira hain ezagunak, beraz, etortzen direnak gozo-gozo entzuteko gogoz  etortzen dira.

Baina ziur Maitia nun zira eskatuko dizutela.
Agian, eskatu gabe ere abestuko dugu [barreak]. Kantu hori beti-betikoa da. Donostian ere jo genuen Adarra Sariko ekitaldian, baina ez genuekan errepertorioan sartuta. Egun horretan nire kantuekin bakarrik egiteko asmoa geneukan emanaldia, baina azken unean, jada bisak bukatu zirenean, ez geneukan ezer gehiago prestatuta, eta orduan a capella abestu nuen Maitia nun zira. Taldekide guztion artean zerbait prestatuta ez badago, hobe baita gauzak ez nahastea, inor konprometitu gabe.

Aktiboan jarraitzen duen emakume abeslari...
Adinekoa, esan nahi duzu? [barreak].

Ez, aitzindaria.
Ez dakit... Tira, gizonezkoen artean badaude nire adinekoak eta  zaharragoak diren dezente. Gertatzen dena da emakume batek 60 urte pasatzen dituenean, jendeak zera esaten duela: "Horrek noiz erretiratu behar du?". Gizonezkoetan, ordea, inor ez da harritzen abeslari batek 70 urtetik gora baditu, eta kontuan izan baditugula batzuk.

Zuri dagokizunez, ondorengoei ateak irekitzea tokatu zitzaizun.
Derrigorrezkoa da hori. Bizitzak egiten duen jokoa da, azken finean. Ni ere ez nintzen lehendabizikoa: niri beste norbaitzuk ateak zabaldu zizkidaten, haiek joan ziren eta gu hor geratu ginen, zikloak agintzen duen bezala. Gure herria asko kantatzen duen herria da, beraz, ez da harritzekoa. Kantari ederrak daude, bai emakumezkoak bai gizonezkoak. Ongi egiten da kantuan gure herrian, eta horrek asko pozten nau, baina ez naiz hasten kontatzen nortzuk diren [barreak]. Nahikoa lan ematen du kantari jarraitzeak, izan ere, bizi ere egin behar da, eta abesteaz gain, beste gauza batzuk ere egin behar dira.

Musika teknologia berrien aroan murgilduta dagoen honetan, nola ikusten duzu zeure burua?
Ni oso artisaua naiz. Beti bezala jarraitzen dut ahots batekin. Ahotsa da nire instrumentua, eta beste gauza guztiak–musikariek sartzen dituzten dohainak– erantsi egiten zaizkio. Nik soil-soilik ahots bat daukat, eta ez daukat beste meriturik.