Literaturia

"Indarberrituta" jalgiko da plazara Literaturia

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 10a, 15:05
Kultura zinegotzi Irune Urbieta eta Literaturiko kide Itziar Iruretagoiena eta Ibai Sarasua. (Aritz Mutiozabal)

Itzala gaitzat hartuta, Euskal Letren Plaza bihurtuko da beste urte batez Zarautz irailaren 24tik 26ra. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte hiru egunetarako, eta Literaturiarako propio prestaturiko ikuskizunik ere ez da faltako. Aurten, Galtzagorri elkartea eta Baztango (H)ilbetza nobela beltzaren astea omenduko dituzte. 

Pandemiaren eraginez, iaz udaberritik udazkenera atzeratu behar izan zuen data Literaturiak. Aurten, bide beretik jarraituz, irailaren azken asteburuan bihurtuko dute Zarautz Euskal Letren Plaza, irailaren 24tik 26ra, eta ekitaldi berrirako aukeratu duten gaia Itzala izango da, Itzala, hitzaren ahala leloarekin sendotuta. "Indarberrituta gatoz. Iazko edizioa, pandemia zela medio eta eguraldiak gehiegi lagundu ez zuela kontuan izanda, arrakastatsua izan zen. Aurten, Zarauzko Udalaren eta Kultura Zarautzen laguntzari esker, ahalik eta egitarau osatuena eta onena antolatzen saiatu gara. Eta uste dugu lortu dugula", nabarmendu du Literaturia lantaldeko kide Itziar Iruretagoienak, ekitaldia aurkezteko Garoa liburu dendaren atarian gaur eguerdian egin duten agerraldian.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkio Literaturiako lantaldeari: "Zarauzko Udalarentzat oso garrantzitsua da horrelako ekimenak bultzatzea, euskara eta euskal literatura sustatzea ezinbestekoa delako. Pozgarria da beraz guretzat horrelako egitasmoak diruz laguntzea". Datorren asteko asteburuan "euskal kulturak herria hartuko" duela azpimarratu du, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu.

Lutxo Egiaren manifestua

Ostiralean ekingo dio Literaturiak ohiko manifestuarekin: aurten, Lutxo Egia bilbotarrak hartuko du ardura hori, Modelo aretoan. Jarraian, Asisko Urmenetaren Sugarren mende liburuan oinarritutako antzezlana izango da ikusgai, Literaturia 2021erako propio egina. Honakoa, ordea, ez da estreinaldi bakarra izango. Izan ere, Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak aurtengo Literaturiarako antolatutako Apoaren itzala ikuskizuna eskainiko dute larunbat iluntzean, musikan eta solasean oinarritua.

Lege Zaharren enparantza eta Modelo aretoa izango dira Literaturiako bi gune nagusiak. Modelo aretoak emanaldiak, mahai inguruak, Literattipiako ipuin kontaketak, poesia ikuskizunak eta halakoak hartuko ditu. Aitzitik, liburu azoka jarriko dute Lege Zaharren enparantzan, eta euskal argitaletxeen eskutik, uzta berria eta betikoa erosteko parada izango dute bertaratzen diren literaturazaleek. Era berean, Ahotsenea gunearekin elkarlanari esker, liburu nobedadeen aurkezpenak izango dira; hamalau lan aurkeztuko dituztela aurreratu dute.

(H)ilbeltza eta Galtzagorri, omenduak

Urtero bi omendu izaten dituzte, eta aurten (H)ilbeltzari eta Galtzagorriri tokatuko zaie, euskal literaturan egindako lana aitortzeko. "Galtzagorri elkartea haur eta gazte literatura sustatzeko eta ezagutarazteko sortu ziren, eta harrezkero egin duten lanagatik omenduko ditugu. (H)ilbeltzak Baztango euskal nobela beltzaren astea antolatzen du urtero, eta haien txiktasunetik euskal literaturari sekulako indarra ematen diote", arrazoitu du Iruretagoienak.

Gainera, (H)ilbeltzak Literaturian ere hartuko du parte: Itzalekoak ibilaldi dramatizatua eskainiko du Santa Barbaran barrena. Baztan inguruan egina dute aurrez halako esperientziarik, eta herrian egingo dute oraingoan. Igande goizean izango da, eta parte hartzaileak Musika Plazan elkartu ondoren ekingo diote ekintza nobedade horri.

Ekitaldietarako sarrerak Internet bidez egongo dira eskuragarri, udaleko Kultura Sailari esker. Literaturiako webgunean egongo dira eskuragarri estekak. Horrez gain, Modeloko leihatilan ere erosi ahalko dira, saioa hasi baino ordubete lehenago, eta edozein ekitalditako sarrerak eskuratu ahalko dira, aurretik amaitu ez badira.

EGITARAUA

Irailak 24, ostirala
20:00. Manifestua: Lutxo Egia. Ondoren, Sugarren mende ikusgarri dramatizatua. Modelo aretoa. Sarrera 7 euro.

Irailak 25, larunbata
11:00. Azokaren irekiera ekitaldia eta (H)ilbeltzari omenaldia, Lege Zaharren enparantzan.
11:00. Literattipia: Laminen putzuan igeri ipuin kontaketa (4-7 urte), Juan Kruz Igerabideren eskutik, Modelo aretoan.
11:00-14:00. Ahotsenea, Lege Zaharren enparantzan.
12:00-14:00. Liburu azoka, Lege Zaharren enparantzan.
12:30. Zientzia fikzioa Euskal Herrian mahai ingurua, Modelo aretoan. Parte hartzaileak: Arrate Hidalgo, Amaia Apalauza Ollo, Danele Sarriugarte Mochales eta Katti Olaizola Gabirondo.
17:00-19:00. Ahotsenea, Lege Zaharren enparantzan.
17:00-19:30. Liburu azoka, Lege Zaharren enparantzan.
17:00. Saiakera itzultzeaz mahai ingurua, Modelo aretoan. Parte hartzaileak: Olatz Esteban Ezkati, Amaia Astobiza Uriarte, Maialen Berasategi Catalan eta Danele Sarriugarte Mochales.
19:00. Bekatorosak ikuskizuna, Modelo aretoan. Parte hartzaileak: Dom Campistron, Maindi Murua Berra eta Andoni Egaña. Sarrera 3 euro.
22:00. Apoaren itzala ikuskizuna, Modelo aretoan. Parte hartzaileak: Gotzon Barandiaran eta Joseba Tapia. Sarrera 7 euro.

Irailak 26, igandea
11:00. Itzalekoak ibilaldi dramatizatua.
11:00-14:00. Liburu azoka, Lege Zaharren enparantzan.
11:00-13:30. Ahotsenea, Lege Zaharren enparantzan.
11:00. Literattipia: Hitzak josten ipuin kontaketa (8-11 urte), Mireia Delgadoren eskutik, Modelo aretoan.
11:45. Galtzagorri elkarteari omenaldia, Modelo aretoan.
17:00. Oraindik, orain eta oraingoz poesia eta musika emanaldia, Modelo aretoan. Parte hartzaileak: Iñigo Astiz eta Jon Basaguren. Sarrera: 5 euro.