Gorka Aranberri: "Ni aurten etorri naiz, baina hau ez da lortu aurtengo lanarekin bakarrik"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 13a, 11:04

Aranberri bere seigarren Kontxa irabazi berritan, Donostiako kaian. (Onintza Lete Arrieta)

Urtez urte luzatzen da Gorka Aranberri patroiak eskuratzen dituen garaipenen zerrenda. Kontxako seigarren bandera irabazi zuen atzo eta, zalantzarik gabe, arraunaren historian jasota geratuko da zarauztarraren izena.

Seigarren aldiz irabazi zuen atzo Gorka Aranberri patroi zarauztarrak Kontxako bandera. Patroi lanetan, Manuel Arrillaga Aita Manuel pasaitarrak soilik irabazi zituen Kontxako bandera gehiago (9). Aranberrik, 34 urterekin, Orioko Juan Lizarralde Altxerri mitikoak patroi gisa adina alditan eskuratu du Donostiako trapu berezia. Santurtzirekin irabazi zuen atzokoa eta, aurretik, beste lau irabaziak ditu Urdaibairekin eta bat Oriorekin. Balentria egin berritan, pozarren dago zarauztarra.

Kontxan ohi den moduan, ez zen emoziorik falta izan atzoko bigarren jardunaldian. Gizonezkoetan, Hondarribiaren eta Santurtziren artean zegoen lehia bizia, eta Hondarribiak estropada ia bi segundoko abantailarekin hasi zuen arren, Sotera ontzikoak gehiago izan ziren atzo, parez pareko lehian. "Azkenean, segundo eta erdi pasatxo zen beraien alde, baina konfiantza geneukan. Aurreko asteburuan kaleen artean diferentzia pixka bat bazegoen, eta txanda ezberdinetan jokatu genuen. Aurkari zuzenekin batera ez jokatzeak hori dakar, ezberdintasunak egoten direla alde edo kontra, eta segundo eta erdi horrek, baldintza horiek kontuan hartuta, balorea galtzen zuen. Aukerak izango genituela bagenekien, eta atzo frogatu genuen parez pare jarrita hobeak ginela", azaldu du Aranberrik.

Azkenean, bi jardunaldietako denborak batuta segundo bat baino gutxiagoko aldearekin eskuratu zuten bizkaitarrek trapu preziatua. Aranberrik ez du halako lehia esturik gogoan Kontxako badian. Hori bai, azaldu du irabazitako sei banderatatik hiru bigarren igandean atzetik joanda irabazitakoak izan direla. Gogoan izan du, besteak beste, Oriorekin 2017an irabazitako hura, aurreko asteburuan ia hamar segundo atzetik zirela eskuratutakoa.

Aparrak jaitsita, ligaren bila

Atzo arratsaldean sekulako ongietorria egin zieten arraunlariei santurtziarrek. 36 urte zeramatzaten Kontxarik irabazi gabe, eta herritarrak "gogoarekin eta ilusioarekin" sumatu zituen Aranberrik. Gaineratu du Kontxa irabazteak atzetik "urte askotako lana" daukala. "Aurten ikusi da bertako jendeak aurreko urteetan egindako lanak fruituak eman dituela". Izan ere, Aranberrirentzat talde berria da Santurtzi. "Ni aurten etorri naiz, baina aurtengo lanarekin bakarrik ez da lortu hau. Aurreko urteetan entrenatzaileak bloke bat osatu du, eta lan horrek atzo ikusi zuen une gorena".

Zarauztarrarentzat talde ezezaguna izanagatik, "ilusioz" hasi zen bizkaitarrekin lanean: "arraunerako afizio handia egon da Santurtzin historian zehar. Ilusioz joan nintzen, eta besoak zabalik jaso ninduten". Egindako ekarpenarekin oso gustura agertu dan Aranberri. "Ikusi dut nire ekarpenak ondo transmititu ditudala eta ondo jaso dituztela; horrek asko bete nau, oso gustura nago. Denboraldia luze egiten da, baina eramangarria izan da hein batean, bateletatik eta trainerilletatik emaitzek asko lagundu digutelako".

Dagoeneko harro egoteko motiboak soberan badituzte ere, datorren asteburuan denboraldiari ginga jartzea falta zaio Soterari. Eusko Label ligako azken jardunaldiak jokatuko dituzte Bermeon (Bizkaia) eta Portugaleten (Bizkaia), eta egun sailkapenean lider badira ere, lanak ondo baino hobeto egin beharko dituzte ligako titulua eskuratzeko. "Bideratuta daukagu, baina ez dago irabazita inondik inora ere, eta badakigu zeintzuk izango ditugun aurkari: Kontxan alboz albo izan ditugun horiek berak. Ondo dago atzokoa ospatzea, baina gaur egindakoa asimilatu eta 19:00etan berriro entrenatzera joatea tokatzen da".