Beste hiru positibo zenbatu zituzten atzo Zarautzen

IƱigo Gaiton 2021ko ira. 15a, 13:53

Oso gutxinaka bada ere, gora egiten ari da Zarauzko intzidentzia tasa azken egunetan. 107,08koa zen atzo, eta 119,93an dago gaur.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu du egoera epidemiologikoaren gaineko txosten eguneratua, eta horren arabera, Urola Kostan 17 kasu positibo detektatu dira azken orduetan, herenegun baino bi gutxiago. Azpeitian atzeman dituzte kasu gehien: bost, hain zuzen ere. 216,82 da herriaren intzidentzia tasa, eta eremu horian daude. Azkoitian lau positibo izan dira, eta han ere eremu horian daude, 242,01 tasarekin.

Aian herenegun 9 kasu detektatu ostean, azken orduetako zifrak apaltzera egin du, eta hiru positibo atzeman dira herrian. Azken egunetako datuen ondorioz, 856,42ko tasa dute. Zarautzen ere —119, 93 tasarekin eremu horian— hiru positibo zenbatu dituzte, eta Orion bi —130,46 tasarekin eremu horian—. 

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da positiborik izan. Aizarnazabalek, Beizamak eta Errezilek hutsean dute intzidentzia tasa. Getarian 35,34 da zifra, Zestoan 128,40 eta Zumaian 152,64 —eremu horian—.

240 positibo Hego Euskal Herrian

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 240 kasu positibo zenbatu dituzte, 8.065 test egin eta gero. Horietatik 20 Araban izan dira, 102 Bizkaian, 70 Gipuzkoan, 45 Nafarroan eta 3 lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonetan. Erietxeei dagokionez, azken orduetan koronabirusak jotako 28 lagun ospitaleratu dituzte Osakidetzaren mendeko osasun zentroetan. Orotara, 161 lagun daude ospitaleratuta, eta horietatik 53 ZIUetan. Nafarroan, berriz, hiru lagun baino ez dituzte ospitaleratu COVID-19aren ondorioz, eta gaur gaurkoz, 61 da han ospitaleratuta daudenen zifra. Horietatik 15 daude ZIUetan.