Errotaberri industriarako babestu behar dela dio EH Bilduk

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 16a, 08:48

Zarauzko Udal Gobernuak industrialde berrian proposatzen duen aldaketak "industriaren bultzada murriztuko" eta "herriari kalteak sortuko" dizkiola uste du koalizioak.

Zarauzko Udal Gobernuak Errotaberri industrialdean plan partzialaren aldaketaren proposamena egin du, baimena eman ahal izateko industria eremuko bi partzelatan txikizkako merkataritza jartzeko. Gainontzeko eremu osoan, berriz, industriarekin zerikusia ez duten beste hainbat erabilera ere baimentzen ditu; esaterako, kirola, ostalaritza, aisia edota ikuskizuna. Zarauzko EH Bildu irmo agertu da erabakiaren aurrean, eta industrialde berrian merkataritzari eta zerbitzuei baimena emanez gero, "industriari eman beharreko bultzada murriztu" egingo dela nabarmendu duā€ˆItziar Murua bozeramaileak. Horrez gain, herriari "kalteak sortuko" dizkiola dio.

Erabilera berriei ateak irekitzearekin, auto pribatuen eta kamioien joan-etorriak nabarmen areagotuko direla eta, ondorioz, zonalde horretako trafiko arazoak «areago okertuko» direla iritzi dio EH Bilduk. "Ezin dugu ahaztu Aritzbataldetik Errotaberrira sartzeko egindako bide berri eta mugikortasun aldaketek sortzen dituzten arazo larriak, hasieratik iragarri genuen bezala", zehaztu du. Bide batez, elkartasuna adierazi nahi izan diete arazoa pairatzen duten Aritzbataldeko bizilagunei, eta adierazi dute irtenbidea emateko haien eskaerarekin bat egiten dutela.

Bestalde, koalizioak argi du plan partzialaren aldaketak eragin zuzena izango duela tokiko merkataritzan. "Herriaren erdiguneari bizitza kenduko dio, eta herritarrak herritik kanpo geratzen den gune baterantz mugituko ditu", arrazoitu du Muruak.


"Bidea zabaldu"

Errotaberriko jardueren nolabaiteko irekierak "zerbitzuen sektoreari loturiko jarduera ez jasangarriei bidea zabalduko" liekeela azpimarratu du EH Bilduk, eta horrek "lan baldintzen okertzea" hedatuko lukeela. "Udalak herritarren interesak zaindu behar ditu. Gure erabakiek ondorioak dituzte, eta espazioaren inguruan hartu nahi den erabaki honek ere hala izango du", dio bozeramaileak, baita kontsumo jasangarriaren eta merkatari txikien "etorkizuna ilunduko" duela ere.

Herri baten garapenerako ezinbestekotzat jotzen dute tokiko ekonomia aberatsa izatea, eta horretarako industria indartsua izateko baliabideak sustatzea. "Noski, Zarautzek behar hori badu", azpimarratu du koalizioak. Horren haritik, hainbat industria enpresak Errotaberrin kokatzeko eskaera egin dutela adierazi die Udal Gobernuak, eta, zentzu horretan, ez dute ulertzen zertara datorren plan partzialaren aldaketaren proposamena. "Zarautzen benetan industria bultzatu nahi badugu, Errotaberri industrialdea horretarako babestu behar da, orain arte jasotzen den bezala".

Udal Gobernuak uztailean jarri zuen bere proposamena jendaurrean, eta atzo bukatu zen alegazioak aurkezteko epea. Koalizioak azaldu du ez dakiela halakorik aurkeztu den. Proposamena udabaltzarrean onartu beharko dute.