ZKE Irristaketako kideek gogotsu ekin diote sasoiari

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 20a, 09:45

Bi lasterketa jokatu dituzte asteburuan eta asko gozatu dute bietan. Kideetako batzuk, gainera, emaitza dotoreak lortu dituzte beraien kategorian.

ZKE Irristaketako hainbat kidek bi lasterketetan hartu dute parte larunbat honetan. Alde batetik, Zubiri - Iruña proba jokatu zuten Karmele Ezenarro, Begoña Agirre, Aritz Epelde eta Irkus Fernandezek. 23 kilometroko ibilbide luzearekin asko gozatu zuten, eta, bidez batez, lehen mailako patinatzaileekin ikasteko aukera aprobetxatu zuten. 400 patinatzaile baino gehiago izan ziren, eta gizonezkoetan Nolan Bediaf munduko txapelduna izan zen garaile.  Emakumezkoetan, berriz, Aura Quintana kolonbiarra izan zen nagusi bigarren urtez jarraian.

Bestetik, Hendaia eta Hondarribia artean 10 kilometroko Txingudi Korrika jokatu zen. Bertan  Gipuzkoako Txapelketa jokatu zen eta ZKE Irristaketako Elene Eizagaetxeberria izan zen txapeldun emakumeen master 30 kategorian. Mikel Ameztoi, berriz, hirugarren izan zen gizonen master 40 kategorian.