Ez dute kasu berririk atzeman Zarautzen azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko ira. 29a, 13:27

Hego Euskal Herriari erreparatuta, %1,2 da lau lurraldeetako positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, bost kasu bakarrik hauteman dituzte. Gainera, bost positibo horietatik lau Azpeitian zenbatu dituzte, eta bestea Aian. Hala eta guztiz, behera egin dute bi herri horietako intzidentzia tasek. Aian 554,16 da gaur-gaurkoz tasa metatua, eta Azpeitian, 164,26.

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman; horrenbestez, intzidentzia tasetan ez da gorakadarik egon. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Azkoitia (108,49), Zarautz (111,36) eta Zumaia (61,06). Orio, berriz, eremu berdean dago, 48,92 baita hango tasa metatua. Beste herrietan honakoak dira intzidentzia tasak: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34 eta Zestoan 154,08.

%1,2ko positibotasun tasa

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo, guztira, 9.231 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 112 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (43), eta, ondoren, Gipuzkoan (32), Nafarroan (23) eta Araban (hamahiru). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Bestalde, positibotasun tasa %1,2 da lau lurraldeetan.

Ospitaleetan, berriz, 126 pertsona daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 39 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 42 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn.