Sahara Gara izenburupean, hainbat ekintza egingo da aurten Zarautzen

Dorleta Agiriano Lai 2021ko urr. 1a, 09:53
Zarauzko udaletxean aurkeztu zuten egitaraua, asteazkenean. (Aritz Mutiozabal)

Izen bereko egunaren ordez, erakusketa, hitzaldi eta proiekzio bana antolatu dituzte Saharautzek eta udalak. Harrera egingo diote Fronte Polisarioko Liman Mohamed Aliri.

Saharautz elkarteak eta Zarauzko Udalak antolatuta, 2017an egin zuten lehenengo Sahara Gara eguna. "Elkartasun festa" modura izendatu zuten ekimena, eta helburu nagusia zen, hain justu, Mendebaldeko Saharan bizi duten egoera ezagutaraztea. 2018an eta 2019an ere jarri zuten hitzordua, asmo berari eutsita. Iaz, baina, ezin izan zuten Sahara Gara egunik antolatu pandemia zela eta.

Aurten, egun bateko egitaraua prestatu beharrean, udalak eta Saharautzek zenbait ekitaldi antolatu dituzte Sahara Gara izenpean. Urriaren 5ean, asteartean, hasiko da egitaraua: egun horretan irekiko dute Sahara, 40 urteko exilioa erakusketa Merkatu plazan. Urriaren 21era arte izango da ikusteko aukera, 18:00etatik 20:00etara. Larunbatetan eta jaiegunetan, gainera, eguerdian ere irekiko dute erakusketa, bi orduz.

Urriaren 19an, bestalde, Modelo aretoan hitzaldi bat eskainiko du Fatma El Galia kazetari sahararrak. Emakume sahararrek «"urralde okupatuetan jasaten duten giza eskubideen urraketa" izango du hizpide. Bi egun geroago, urriaren 21ean, Haizearen egia film laburra emango dute Modelon. Solasaldi bat izango da horren ostean.

Fronte Polisarioa, presente

Asteazkenean aurkeztu zuten egitaraua udaletxean Patxi Elola Zarauzko Kooperazio zinegotziak, Adnan Dahi Bachir Gipuzkoako Saharar Kolektiboko ordezkariak eta Itxaso Andueza Euskal Fondoko kideak. Elolak jakinarazi zuenez, egitarauaz gain, Liman Mohamed Aliri harrera egingo diote Zarauzko Udaleko hainbat ordezkarik; Fronte Polisarioaren ordezkaria da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gero bilera publiko bat egingo dute guztiek udaletxean bertan, eta zinegotziaren esanetan, "zein egoeratan dauden eta une honetan zer bizitzen ari dire" azalduko du sahararrak. Euskal herritarrek eta sahararrek elkarrekin zer harreman izaten duten ere aztertuko dute, Elolaren arabera. Aurrerago jakinaraziko dute noiz izango den hitzordu hori.


Zabalpena lanari

"Nahiko genuke hurrengo urtean normaltasunera iristea. Aukera gehiago izango genituzke hainbat ekimen berreskuratzeko, adibidez, hain beharrezkoa eta interesgarria den Oporrak Bakean dinamika", esan zuen Elolak.

Dahi Bachirrek azpimarratu zuen "oso garrantzitsua" dela "Saharak bizi duen errealitatearen inguruko kontzientzia sortzea". Horri lotuta, Anduezak hausnartu zuen Euskal Herrian "adostasun handiko proiektua" dela Sahararen aldeko lana, baina, aldi berean, «oso ezezaguna» dela.

Sahara Gara


Urriaren 5etik 21era:
18:00-20:00. Sahara, 40 urteko exilioa erakusketa, Merkatu plazan. Larunbatetan eta jaiegunetan eguerdian ere zabalduko dute erakusketa, 12:00etatik 14:00etara.

Urriak 19, asteartea:
19:00.Saharar emakumeen giza eskubideen urraketa lurralde okupatuetan hitzaldia, Modelo aretoan. Fatma El Galia kazetari sahararra izango da hizlaria.

Urriak 21, osteguna:
19:00. Haizearen egia film laburraren proiekzioa, Modelo aretoan. Emanaldiaren ostean,  solasaldia egingo dute. Doakoa izango da sarrera.