69 konposizio aurkeztu dituzte Francisco Escudero lehiaketara

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 8a, 09:00

Gaur arratsaldean egingo du Hauspoz elkarteak sari banaketa ekitaldia, Modelo aretoan. Era berean, aurreko edizioko obra irabazleak estreinatuko dituzte zuzenean.

Beste urte batez, Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketari heldu dio Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak. Egitasmoak inoiz baino indartsuago berrekin dio bere jarduerari, eta emaitza ezin hobe jaso du antolakuntzak: 32 herrialdetako konpositoreren 69 lan jaso dituzte, orain arteko partaidetza handiena. Sari banaketa ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 20:00etan, Modelo aretoan.

Mayi Tolosak aurkeztuko du gala, eta bertaratzen direnek aurreko edizioko lan irabazleen erabateko estreinaldiaz gozatu parada izango dute. Lehenik eta behin, Carlos Nuñezek idatzi eta ohorezko aipamena jaso zuen Heterosis eskainiko du ondorengo hirukoak: Victor Vigo akordeoi-jotzaileak, Mateo Bande oboe-jotzaileak eta Lucas Veiga fagot-jotzaileak.

Jarraian, XIII. lehiaketaren obra irabazlearen txanda izango da: Tetsuya Yamamoto konpositorearen akordeoi laukoterako Voix de L’Orgue eskainiko dute ondorengo musikariek: Garazi Navas, Juan Matias, Marta Cubas eta Jessica Reisek.

Ekitaldiari amaiera emateko, epaimahaiaren akta irakurriko da eta aurtengo edizioko lehen saria emango dute. Ohi bezala, Zarauzko konpositorearen seme Francisco Mari Escuderoren eskutik jakinaraziko du Hauspoz elkarteak aurtengo saritua.

Hauspoz elkartea 1974an sortu zen, akordeoiaren azterketa sustatzeko eta herrialdeko akordeoiaren, interpretazioaren eta pedagogiaren maila handitzeko. Gaur egun, CIA Confédération Internationale des Accordéonistes eta UNESCOko Nazioarteko Musika Kontseiluko kide da. Hori horrela, elkarteak urtero antolatzen du Francisco Escuderoren omenezko musika-sorkuntzako lehiaketa hori, musika-tresnaren errepertorioa zabaltzeko asmoz, obra irabazleak editatzeko eta estreinatzeko.