Eneko Garate: "Egia da zorotzat hartzen gintuztela"

Enekoitz Telleria Sarriegi- Berria 2021ko urr. 7a, 16:35
Eneko Garate. (Libro de Rutas)

Kirol literaturari buruzko liburu denda bat ireki du Garatek, Bilbon. Ziklisten istorioak ditu oinarri eta abiapuntu. Pasioz bizi du berak, eta ez da bakarra. Zortzi urteko ibilian, irakurle talde fidela lortu dute. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Irailaren 25ean igo zuen Eneko Garate Iturraldek (Zarautz, 1976) elkarrizketako egunean «ez aurrera eta ez atzera» gelditu zitzaion liburu dendako pertsiana. Konponduta dago geroztik, eta egina dago gonbidapena: «Jo tinbrea eta sartu lasai barrura». Kirol literaturari buruzko denda erreferentziazko bat Bilboko Gordoniz kalean. Libros de Ruta argitaletxearen beste urrats bat da: erakusleiho digitala zena pasio leku fisiko bihurtua.

Esan egia: txirrindulari frustratu bat zara.

Erabat.

Broma zen.

Ez, ez, hala da. Dudarik gabe. 20 urte nituen arte aritu nintzen lehiaketetan, baina ikasketengatik utzi nuen. Beno, hori esaten da, baina benetan uzten duzu onena ez zarelako.

Noiztik txirrindularitza?

Txikitatik. Gogoan dut nola etorri ziren behin ikastolara gazte batzuk galdetzera ea nor apuntatuko zen txirrindularitzara. Etxean aurkeztu nintzen esanez, 9 urte nituela, lasterketetan parte hartu nahi nuela, eta lasai egoteko, bizikleta haiek emango zigutela.

Txirrindularitzaren epikak katigatuta gauzka?

Txirrindularitzak pertsonak oso hauskor bihurtzen ditu, ahuldade eta sufrimendu guztiak agerian gelditzen dira.

Paris-Roubaix horren eredu?

Ikaragarri gozatu nuen. Zazpi orduz egon nintzen telebistari pega-pega eginda.

Amaierako garrasi hura?

Colbrellik, une horretan, garrasi harekin, ahaztu egin zuen zazpi orduko sufrimendua zer den.

Literaturarako gaiak berez emanak datoz txirrindularitzan?

Aliantzak daude taldeen eta ziklisten artean, traizioak daude, estrategia aldaketak... beste kirol gehienetan argi dago arerioa nor den, baina txirrindularitzan arerioak eta aliatuak aldakorrak dira, eta joko asko ematen du horrek.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.