Xakea, jokotik harago

Olatz Enzunza Mallona - Gipuzkoako Hitza 2021ko urr. 8a, 12:00

‘Zientzia eta xakea: konexio infinituak’ topaketa egingo dute asteburuan Donostiako Eureka zientzia museoan. Xakea, zientzia, argazkilaritza, literatura eta hezkuntza izango dituzte hizpide, besteak beste. Gipuzkoako Hitzan landu dute erreportajea, eta museoko ikerlari Mikel Abadia zarauztarrarekin hitz egin dute.

Uste duguna baino garrantzi handiagoa du xakeak gure inguruan”. Hala adierazi du Mikel Abadiak (Zarautz, 1989), Donostiako Eureka zientzia museoko ikerlariak. Eta, hain zuzen, hori frogatzeko, Zientzia eta Xakea: konexio infinituak topaketa egingo dute, bihartik astelehenera, Donostiako zientzia museoan: “Xakean 64 laukitxo egon arren, laukitxo horietan egin daitezkeen konbinazioak unibertsoko izar kopurua baino gehiago dira”. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Eureka zientzia museoak antolatu dituzte jardunaldiak, eta Gros xake taldearen laguntza ere izan dute.

Zientzia ardatz izango bada ere, “askotariko gaiak” jorratuko dituzte hiru eguneko ekitaldietan. Besteak beste, xakea, argazkilaritza, literatura eta hezkuntza jarriko dituzte mahai gainean. “Finean, xakea aitzakia izan da zientziako hainbat alor azaltzeko”, azaldu du Abadiak.

Miguel Illescas xakeko Maisu Handiarekin emango zaie hasiera jardunaldiei. IBM International Business Machines konpainian aritu zen Illescas, beste hainbat aditurekin batera, eta, elkarlanean, Deep Blue xakera jokatzeko makina garatu zuten. Harrezkero, adimen artifizialak gelditu gabe egin du aurrera, eta xakeak “zeregin garrantzitsua” bete du esparru horretan.

Erreportajea osorik irakurri daiteke Gipuzkoako Hitzaren atarian.