Argindar enpresen "iruzur larria" salatzeko itzalaldia eta lapiko-jotzea egingo dituzte gaur

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 8a, 09:16

EH Bilduk luzatu du deia gaur, 22:00etatik 22:30era argindarra deskonektatzeko eta lapiko-jotzearekin bat egiteko. Modu horretan, argindar enpresen "iruzur larria" salatu eta "burujabetza energetikoa" aldarrikatuko dituzte.

Azken asteetan argindarraren prezioa igotzen ari da egunez egun, eta markak hausten jarraitzen du. Horren harira, deialdiaegin die herritarrei EH Bilduk egoeraren aurrean "nahikoa da" esateko, eta gaur iluntzean, 22:00etatik 22:30era, itzalaldia eta lapiko-jotzea deitu ditu.

Zarauzko EH Bilduk bat egin du deialdiarekin, eta herritarrak beren etxeetatik bat egitera animatu dituzte. "Enpresa elektriko handiak gure herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura egiten ari diren lapurretaren aurrean ez gara besoak gurutzatuta egongo", azaldu du koalizioak.

"Salatuko dugu ez dugula argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik; Espainiako Estatuan, berriz, alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio kontseiluan". EH Bilduren deialdiarekin bat egin dute "Kataluniako eta Galiziako indar independentistek" ere, eta nazio horietan ere une berean egingo dute itzalaldia.

Itzalaldirako deia luzatzearekin batera, Euskal Herrian azken astean egin diren hamaika udalbatzarretan mozioa aurkeztu dute EH Bilduren udal taldeek, baita Zarautzen ere, argindar enpresen "iruzur larria" salatzeko eta "burujabetza energetikoa" aldarrikatzeko. Mozioak ez zuen aurrera egin, ordea.