LHko ikasleek maskara jantzita jarraitu beharko dute une oro ikastetxeetan

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eguneratu du Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ikastetxeek jarraitu beharreko protokoloa. Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek maskara kendu ahal izango dute patioan eta "jarduera fisiko bizia" egiten duten bitartean. Lehen Hezkuntzan, aldiz, ez da aldaketarik izango eremu horretan. Neurriak astelehean jarriko dira indarrean.

Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdi egoera indargabetu eta bi egunera, Hezkuntza Sailak eguneratu du aurrez aurreko hezkuntza antolatzeko protokoloa. Batez ere Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan malgutuko dituzte neurriak: ikasleek musukoa kendu ahal izango dute kanpoaldean daudenean, beti ere metro eta erdiko distantzia gordetzen badute. “Jarduera fisiko bizia” egiten duten bitartean ere ez da derrigorrezkoa izango maskararen erabilera.

Lehen Hezkuntzan, aldiz, ez da aldaketarik izango eremu horretan: orain arte bezala, 6 urtetik gorakoek maskara jantzita egon beharko dute “espazio guztietan eta une oro”, baita jolas orduan daudenean eta Gorputz Hezkuntza egiten duten bitartean ere. Hau da, soilik hamaiketakoa egiteko tartean kendu ahal izango dute. Bestalde, ikasgela barruan mantendu egingo dituzte burbuilak, baina aire zabalean daudenean, patioan kasu, maila bereko ikasleek elkarrekin egon ahal izango dute. Horrez gain, orain arte, bizikidetza taldeek metro eta erdiko distantzia errespetatu behar zuten ikasgela barruan, eta Jaurlaritzak 1,2 metrora murriztu du gorde beharreko tarte hori.

Hezkuntza Sailak dagoeneko igorri du protokolo berria ikastetxeetara, eta neurriok astelehenean jarriko dira indarrean.

Erlazionatuak

Neurri murriztaileak indargabetu dituzte, musukoaren erabilera izan ezik

gizartea

Osasun larrialdi egoera amaitutzat ematea erabaki du Labi aholku batzordeak gaurko bileran. Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, ...