Bihar goizetik aurrera lor daitezke Nøgen eta Free Style Bike ikuskizunetarako sarrerak

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 8a, 16:00

Lizardi kirol aretoan izango da kontzertua eta Aritzbatalde frontoian bizikleta akrobazien saioa, biak ala biak urriaren 15ean. Neurri murriztaileak bertan behera geratu diren honetan, bi espazioen edukiera osoaren erabilera egingo dute.

Gazteria departamentuak abian jarri duen Udazkenak ere gazte! egitasmoaren barruan, bi ekitaldi antolatu dituzte datorren ostiralerako, urriaren 15erako: alde batetik, Free Style Bike Show bizikletarekin egindako salto eta akrobazia ikuskizuna, 18:00etan, Aritzbataldeko frontoian, eta, bestetik, Nøgen musika taldearen emanaldia, 22:00etatik aurrera, Lizardi kirol aretoan. Aipatu bi saioak doakoak izango dira, baina bertaratzeko gonbidapenak jaso beharko dira aurrez. 

Sarrera-gonbidapenak bihartik aurrera eskuratu ahalko dira Modelo aretoko txarteldegian; biharko, larunbateko, ordutegia 09:00etatik 12:00etara izango da, eta gainontzeko egunetan, txarteldegiaren ohiko ordutegia baliatu beharko da. Free Style Bike Showerako lau gonbidapen jaso ahal izango dira pertsonak,o eta Nøgen taldearen kontzerturako, aldiz, bi.

Aste honetan COVID-19 neurriak bertan behera gelditu direnez, espazio osoaren erabilera egingo dute, orain arteko edukiera muga zorrotzik gabe. Aritzbatalde frontoian izango den Free Style Bike Showa harmailetan eta eserita ikusteko aukera izango da, eta Nøgenen kontzertua zutik gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Bi ekitaldiak instalazio itxian direla kontuan izanda, musukoa jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da uneoro. Bestalde, debekatuta egongo da jatea eta edatea.