Myrto Nizami greziarrak irabazi du aurtengo Francisco Escudero akordeoirako konposizio lehiaketa

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 12a, 09:51

Aurtengo irabazlearen berri izateaz gain, iazko lan irabazleen erabateko estreinaldiaz gozatzeko parada izan zuten ostiralean Modelo antzokira bertaratu ziren herritarrek.

Francisco Escudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketaren hamalaugarren edizioak badu irabazlea: Myrto Nizami greziarra, saxo, akordeoi, biolin eta txelorako The branches bend, the memories collide lanarekin.

Joan den ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia Zarauzko Modelo aretoan, eta aurtengo irabazlearen berri izateaz gain, iazko lan irabazleen erabateko estreinaldiaz gozatzeko parada izan zuten bertaratu ziren herritarrek. Lehenik eta behin, Carlos Nuñezek idatzi eta ohorezko aipamena jaso zuen Heterosis eskaini zuen ondorengo hirukoak: Victor Vigo akordeoi-jotzaileak, Mateo Bande oboe-jotzaileak eta Lucas Veiga fagot-jotzaileak.

Jarraian, XIII. lehiaketaren obra irabazlearen txanda izango zen: Tetsuya Yamamoto konpositoreak akordeoi laukoterako sortutako Voix de L’Orgue obra eskaini zuten ondorengo musikariek: Garazi Navas, Juan Matias, Marta Cubas eta Jessica Reisek.

Ekitaldiari amaiera emateko, epaimahaiaren akta irakurri zuten eta aurtengo edizioko lehen saria eman zioten Myrto Nizamiri. Ohi bezala, Zarauzko konpositorearen seme Francisco Mari Escudero izan zen horretaz arduratu zena.

Akordeoirako konposizio lehiaketa Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak antolatzen du. Hauspoz elkartea 1974an sortu zen, akordeoiaren azterketa sustatzeko eta herrialdeko akordeoiaren, interpretazioaren eta pedagogiaren maila handitzeko. Gaur egun, CIA Confédération Internationale des Accordéonistes eta UNESCOko Nazioarteko Musika Kontseiluko kide da. Hori horrela, elkarteak urtero antolatzen du Francisco Escuderoren omenezko musika-sorkuntzako lehiaketa hori, musika-tresnaren errepertorioa zabaltzeko asmoz, obra irabazleak editatzeko eta estreinatzeko.