Zarauztarren doinuak

Izarra Aristiren doinuak

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 13a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Izarra Aristi da aste honetako protagonista.

Nahiz eta 25 urterekin ezkondu eta Zarautzera etorri bizitzera, (29 urte daramatzat Zarautzen), ulertuko duzuen bezala, nire aurreneko abestiak, Ondarrukoak dira.

Gogoratzen dut nola mojen ikastetxean, Andoni eta Irune Argoitia neba-arreben Umetxoaren ametsak abestiaren diskoa jarri ziguten. Bere letra izugarri tristea iruditu zaidan eta betirako barrenean sartuta gelditu. Ondoren eta aldarte desberdinekoa den bikotearen, Ames, Ames abestia ere sarritan abestu izan dugu lagunartean.

Ondarruko kantak aipatzen hasi ezkero ezin dugu , Boga boga esan gabe utzi. Gaur egun ere , abesten dudan bakoitzean hunkitu egiten nau abestiak.

 

Nire aitak ez du musikako ikasketarik, baina beti izan du ahots oso ona eta sarritan abesten zituen Iparragirreren abestiak eta honela ezagutu nituen , Ara nun diran, Gazte gaztetandikan, Zibilak esan naute, Ume eder bat eta abar. Gerra ondorengo istorioak kontatzen zituenean eta nola euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen garai hartan. Berak ere gau bat kalabozoan pasatu omen zuen, Ara nun diran abestia lagunartean kantatzeagatik.

Geroago, herriko jaietan, urtero egiten zen minbiziaren aurka dirua biltzeko kontzertu bat herriko frontoian eta gonbidatuetako bat,  beti Benito Lertxundi izaten zen eta bere abestiak ezagutu, ikasi eta abestu izan genituen.

Abesti horien artean, oso gustukoak nituen, Bizkaia maite, Nire herriko eta hain ezaguna ez den  Gaua eta ni, gaur egun bere emaztea den Olatz Zugastirekin batera abesten zuena.

Ahotsak beti erakarri izan nau eta Mocedades taldea oso gustokoa izan dut. Amaiaren ahotsa, taldeko armonizazioak, letrak…  Beraien abestietako asko, entzun eta kantatu izan ditut etxean. Batez ere gogokoa dut Placido Domingorekin batera abestu zuten Maitetxu mia abestia. (Honek ere istorio tragikoa du, baina beti erakarri naute sentimenduek).


Azkenik, beti izan dut  gogoko kantatzea eta horrek eraman nau abesbatza desberdinetako partaide izatera eta horien bitartez, bai gure folklorea eta baita polifonia sakroa abestera.

Aita Donostiaren Aita gurea izugarri gustatzen zait eta abesterakoan, oilo-ipurdia jartzen zait.
Hemen uzten dizuet Oñatiko Ganbara abesbatzak abestuta.