Bertso-sorta: 'Zarauzko aguazilak'

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 14a, 17:00

Hona hemen Felix Zubiak Zarauzko aguazilak gogoan hartuta kantaturiko bertsoak, Esne saltzailearena doinuan. Bertsolari aldizkariko atarira igo du audioa.

Orain berrogei urte
Gure herri hontan (bis),
Aguazilak zebiltzan,
Kaleetan, auzotan.
Gehienetan gustora,
Gutxitan borrokan,
Xelebreak dezente,
Hartzeko ahotan,
Kontatuko dizuet
Guztia bertsotan (bis).


Ezagun genituen,
Gu haien etxeko (bis),
Egun on, Mari Asun,
Adio, Ernesto.
Txilipitoa eta
Errieta tarteko,
Arazoak konponduz
Guztiak kontento,
Latza egin behar zen
Isuna jartzeko (bis).


Oso gogoan daukat,
Ez horren txikitan (bis),
Zarauzko lehen top-less-a,
Ia dena bistan.
Aitonak begiluze,
Amonak erritan,
Bi aguazil azaldu
Ziren izerditan,
Azkar tapatu eta
Joateko handikan (bis).

Bat purua hartuta
Esnatu orduko (bis),
Hamaiketan zen plazan
Zintzo azalduko.
Etxeko erosketak
Egin eta punto,
Karteristak urrunduz
Zaindari moduko,
Andrearena behintzat
Ez zuten ostuko (bis).

Beste bat ibiltzen zen
Portuan gustora (bis),
Arrantzarako hartuz
Laneko denbora.  
Pota bat harrapatu,
Nolako mejora,
Zer gertatu zitzaion
Nahi nuke gogora,
Ederki belztu zion
Bere alkandora (bis).

Txikiteo zalea
Zen hirugarrena (bis),
Uniformearekin
Tabernaz taberna.
Lanik irteten bazen
Zer nolako pena.
Kotxe bat gaizki dago,
A,i txofer alaena,
Mugituko zuen, bai,
Ahal zen azkarrena (bis).

Gero etorri ziren
Sirenak, Arkaute, (bis)
Lana eta aisia
Uzteko aparte.
Lehen aguazil zena
Egin zen agente,
Garai berriek beti
Horixe dakarte,
Baina lehengo xarmarik
Behintzat ez daukate (bis).