Zarautz 2030 plan estrategikoa aurkeztuko die udalak herritarrei ostegunean

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 17a, 09:20

Ezkerretik hasita: Elortza, Yaben, Murua, Vazquez, Txurruka, Basurko, Arana eta LarraƱaga (Argazkia: Andrea Zipitria)

Garapen iraunkorra herriko politika guztien ardatz bihurtzea da helburua, eta horretarako prozesu zabala abiatuko du udalak. Parte hartzea bilatuko dute erakunde, enpresa, eragile eta herritarren artean, eta herritarren berme batzorde batek ikuskatuko du prozesua. Helburuarekin bat egin dute alderdi guztiek, nahiz eta EH Bilduk zenbait kezka agertu dituen prozesuarekiko.

Garapen iraunkorra edo jasangarria mundu mailako erronka bilakatu da, baina baita estatu, lurralde eta herri bakoitzarena ere. Are gehiago: erakunde, enpresa, eragile eta herritar bakoitzarentzat ere erronka da, bizitzako arlo guztietan eragiten duelako. Hala uste dute Zarauzko Udalak eta hori osatzen duten alderdi guztiek , eta hala azpimarratu dute asteon herriko komunikabideekin egindako bileran.

Hala, Zarautz 2030 plan estrategikoa garatzeko lehen urratsak eman ditu udalak, eta prozesu sakona izango dela jakinarazi du: izan ere, parte hartze aktiboa eskatuko zaie udal alderdi eta udal sail guztiei, baina baita herriko eragile, enpresa, komunikabide eta herritarrei ere. "Etorkizuneko Zarautz denon artean eraikitzen lagunduko duen prozesu bat izan behar du, parte hartze zabalarekin", iritzi dio Jesus Arana Partaidetza zinegotziak (EAJ).

Iker Basurko da Proiektu Estrategikoen eta Berrikuntzen zinegotzia (EAJ), eta azpimarratu du "denon artean hausnarketa estrategikoa egiteko unea" dela hau, eta ondoren ekintza zehatzak diseinatu beharko direla, helburuak lortzeko. "Hau ez da alderdi baten proiektua, nahiz guri tokatu gidari lanak egitea. Batzen gaituen guztiari begiratu behar diogu, banatzen gaituena alde batera utzita".

NBE Nazio Batuen Erakundeak hamazazpi helburu zehaztu eta aho batez onartu zituen 2015ean garapen jasangarriari dagokionez. Dokumentu hori "pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsonen bizitzak eta perspektibak hobetzeko ekintzarako dei unibertsala da". Ondorengoak dira hamazazpi helburuak, eta Zarautzen bat egingo dute horiekin:

  1. Pobrezia desagerraraztea
  2. Goserik ez
  3. Osasuna eta ongizatea
  4. Kalitatezko hezkuntza
  5. Genero berdintasuna
  6. Ur garbia eta saneamendua
  7. Energia irisgarria eta ez kutsagarria
  8. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
  9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura
  10. Desberdintasunak murriztea
  11. Hiri eta komunitate jasangarriak
  12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
  13. Klimaren aldeko ekintza
  14. Itsaspeko bizitza
  15. Lehorreko ekosistemetako bizitza
  16. Bakea, justizia eta instituzio sendoak
  17. Helburuak lortzeko aliantzak eta itunak

    Zarautzen, ezinbestean, beste bat gehitu da:
  18. Hizkuntza eta kultur aniztasuna

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak (PSE-EE) esan du une hau aproposa dela horrelako plan bat garatzeko: "Emergentzia klimatikoaren aurrean ezin dugu gehiago itxaron, egoera benetan larria delako. Modu transbertsalean heldu behar diogu". Bai Vazquezek, bai Xabier Txurruka alkateak (EAJ), azpimarratu dute Zarautzen ez direla hutsetik hasiko, urteak daramatzatelako lanketa egiten Agenda 21 egitasmoaren barruan.

"Pandemiak atzeratu egin ditu gure asmoak, agintaldi planean jasota genuelako hau martxan jartzea, eta sail berria ere sortua geneukan honi heltzeko, hain zuzen Iker Basurkok daraman saila. Orain iritsi da plan hau garatzeko aukera", gaineratu du Txurrukak.

Planaren faseak eta epeak

Plan estrategikoa garatzeko hiru enpresa kontratatu ditu udalak: Isladak egingo ditu koordinazio lanak, baita lan teknikoak ere; Emunek parte hartze prozesua gidatuko du; eta Kultur Atelierrek, azkenik, komunikazio arloa landuko du.

Hiru arloek izango dute garrantzia handia, Isladako Eider Larrañagak azaldu duenez: "Parte hartzean oinarrituko da gure egiteko modua; lan teknikoak objektibotasuna eta zorroztasuna emango dio proiektuari; eta komunikazioa, azkenik, guztion erronka eta ardura izango da, helburuak lortzeko".

Planaren helburuak zein diren egoki azaldu nahi dizkiete herritarrei, horien iritziak eta ideiak bildu aurretik. Horregatik, herritarrentzako bilera irekia egingo dute ostegunean, urriak 21, 18:30an udaletxeko udalbatzar aretoan. Bertaratu ezin dutenek beste bide batzuetatik izango dute aurkezpenaren berri, baina udalak oraindik zehazteko ditu bide horiek.

Larrañagak azaldu du ekainetik ari direla plana diseinatzen eta lan teknikoak egiten, eta diagonistikoa ere abiatuta dutela. "Garrantzitsua da jakitea nondik abiatzen garen", esan du. Abuztuan hasi zuten lan hori, eta otsailerako amaitzea espero du.

Diagnostikoa esku artean edukita, hurrengo pausoa plan estrategikoa diseinatzea izango da. Helburua da 2022ko ekainean amaituta egotea plan estrategikoa.

Fase horietan guztietan informazioa eta iritziak jasotzen eta partekatzen ariko dira herritarrekin, eragileekin, komunikabideekin eta udal teknikari nahiz alderdiekin.

Zentzu horretan, Oskia Yaben Kultur Atelierreko arduradunak azpimarratu du lan handia dagoela komunikazioan, aurrena herritarrei modu egokian azaltzen zer den plan estrategiko hau eta zer helburu dituen, eta ondoren, baita fase guztietan zehar ere.

Emun kooperatibako Denis Elortzak azpimarratu du "ariketa kontzientea" egin dutela parte hartze zabala eta anitza ziurtatzeko. Aniztasuna bermatzeko hainbat parametro zehaztu dituzte, eta herritarren berme batzorde bat ere eratzen ari dira, prozesu osoa gainbegiratuko duena fase jakin batzuetan.

Parte hartzeko hamar gune egongo dira guztira: zazpi gune arlokakoak izango dira (kirola, osasuna, ekonomia, mugikortasuna, etxebizitza, kultura eta Zarautz kanpotik); espazio oroko ireki bat egongo da (auzaz deitutako herritarrak eta interesdunak); eta beste bi gune, bat politikariena, eta bestea teknikariena.

Oposizioaren kezkak

Hain zuzen, parte hartzearen inguruan agertu ditu kezkak EH Bilduk. Itziar Muruak bileran esan du kutsu politikoa kendu nahi zaiola prozesuari, eta denentzat ilusioa eragiten duen zerbait izatea nahi dela, baina horretarako "ezinbestekoa" iruditzen zaio Muruari "udaleko beste talde politikoek ere parte hartze erreala edukitzea prozesuaren lanketan".

Eskaera argia egin du: "Udal barruko lan horietan parte hartu nahi dugu, eta  beharrezkoa iruditzen zaigu plan estrategikoak arrakasta izan dezan. Orain arte batez ere informatuak izan gara,  ekarpenak egiteko aukera izna dugu, eta eskatzen dugu aukera hori edukitzea aurrerantzean ere".

Herritarren parte hartzeaz ere kezka agertu du Muruak. "Badakigu ez dela erraza beharrezko aniztasuna lortzea, parte batean erakundeekiko atxikimendu falta izan ohi dutelako herritarrek, eta denon lana da jendea erakartzea".

Podemos Equo-Berdeak koalizioko Oihane Delgado zinegotziak ezin izan du bileran egon, eta momentuz ez du adierazpen publikorik egin gaiaz.