'Emakumeon aniztasuna irudikatuz' erakusketa, hiru emakumeren pintzelekin

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 17a, 12:45

Maite Oviedo, Pilar Herrero eta Marikruz Etxeberria. (Zarauzko Udala)

Emakumeen* Etxean dago ikusgai hilabete osoan, eta, bertan, Pilar Herrero Sokobehere, Maite Oviedo Etxezarreta eta Marikruz Etxeberria Iraola artisten margolanak paratu dituzte.

Pilar Herrero Sokobehere, Maite Oviedo Etxezarreta eta Marikruz Etxeberria Iraola zarauztarrek Emakumeon aniztasuna irudikatuz erakusketa osatu dute beraien margolanekin, eta erakusgai jarri dute Emakumeen* Etxean. Artista autodidakta eta emakume gisa sortutako lanak dira, eta beren artea ezagutzera emateko leku egokia aukeratu dutela iritzi diote.

Erretiroa hartuta egonagatik, aktibo dauden hiru emakume dira, eta artearekiko pasioak nahiz esperientziak partekatzeko bizipozak batzen ditu. Jubilatu ondoren, pintura lantzen aritu dira, hainbat ikastarotan parte hartuz eta beraien prestakuntza artistikoa zabalduz.

Bakoitzak bere teknika, estiloa eta prozedura piktorikoa du. Alde horretatik, bisitariek aniztasunaz gozatuko dute. Artistek, era berean, inguruan dutena islatzen saiatu dira natura, bidaiak, liburuak eta eragiten dizkien emozioak, inspirazio-iturri direnak. Nolabait esateko, errealitatea berrinterpretatzeko ariketa egin dute.

Erakusketa Emakumeen* Etxean izango da ikusgai urrian zehar, zerbitzuaren ohiko ordutegian; arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, hain zuzen ere.