Zarauztarren doinuak

Kepa Izetaren doinuak

Zarauzko Hitza 2021ko urr. 20a, 09:00

Asteazkenero, zarauztar batek hautatutako bost abesti jasoko ditugu 'Zarauztarren doinuak' atalean, eta Kepa Izeta da aste honetako protagonista.

Musikazale amorratua izanik, buruhauste handi samarra bilakatu daiteke mundu zabal eta musikaren osotasunetik bost hautaketa egitea. Lan hau errazteko Getaria, Aizarnazabal eta Aiarekin muga egiten duen, eta askok ondo ezagutzen dugun herri batean geratzeko erabakia hartu dut. Zarauzko bost talderekin geratzea ez da lan erraza izan. Zerrendari ekin baina lehen, oraintxe bertan puntakoak diren Buffalo eta Martin de Marte aipatu nahiko nituzke.

1. The Animals – House of the Rising Sun

Ingalaterrako Newcastle hiritik aldenduz, Zarauzko lehen organo eta gitarra elektrikoak Farfisa anplifikagailuetara konektatu zituzten bertsio talde horietara hurbildu nahiko nuke. Rock formatuko taldeak Euskal Herrira iristearekin bat, 70eko hamarkadan, herriko eta inguruetako txoko ezberdinak dantzan jarri zituzten Los Sombras Azules, Los Dalton... bezalako taldeek.

Sarean talde hauen informazio oso gutxi izanik, osaba Tonik abesten zuen abesti eder honekin omendu nahi ditut bera eta Zarauzko lehen akorde elektrifikatuak.

2 - Arakajun - Festa

Rock Kajun musikaren inguruan bildu zen talde zarauztarra 1994 urtean. Trikitia, gitarra akustikoa eta bateriaren uztartzea gutxi balitz, saxofoia, biolina eta kontrabaldearen nahasketagatik, herri honetan izan den talde xelebre eta autentikoenetako bat dela esango nuke. Pariak Bai taldean izateko zortea izan nuen, barnean daramadan talde hau ez nuke berdin ulertuko Arakajun eta Ok Korral taldeen ekarpenik gabe.

3 - Cafe Teatro - Lana

Hirukote moduan sortu zen Cafe Teatro 1996an. Hastapeneko soinuen garapen sakona dugu beraien Burga diskoa. Taldea seikote bihurturik, instrumentu berrien eta esperimentazioaren uztartzea bide, pop ikarati, folk kutsua duen lan zoragarri hau kaleratu zuten 2004an. Sei diskoan, taldearen ondorengo lanean, testuren jolas eta esperimentaziori ekin zioten. Abesti oso ezberdinak sortu zituzten musikariak ditugu Cafe Teatrokoak, libre eta zabal sortu zuten taldea. Hori dela eta, ezkutuan, hondarraren azpian gelditu den harribitxi hau azaleratu nahi izan dut.

4 - Metralleta - Arantzak

Pijuan herri batian bizitzearen onura musikalik handiena kontrakultura izan daiteke. Adibide bat jartzearren, Euskal Herriko lehen trash metal taldea Zarauzko Estigia izan zen. Geroztik, Anestesia, Humedecidos, Eraso!, Iluna Beltz, Folkore, Ze izen, Neü, Erantzun, Diskoiraa, Pottors ta klito, Ernia, Hilkar, Ginger..... Ez zait batere erraza egin aukeraketa hau, punk, hardcore, trash edo metal kutsuko kalitatezko talde ugari atera baita Vista Alegreko lokaletatik. Erritmo aldaketek izugarri dibertitzen naute, horregatik hautatu dut Metralleta taldearen Arantzak abestia.

5 - Elektropeña – Ura

Musika elektronikoa herrira hurbiltzeko lanetan hasi zen Jon Peñagarikano Kaiolatik Arraio irratiko saioan. Geroztik, etxekoak ditugun Unia, Rubio, Arizonako Billy, Rodri, Xiarroman, Anwolt... zein kanpoko jende askorekin izan da han eta hemen elektronika jaialdietan gorputzak mugiarazten. Sortzaile bezala, berak osatutako Ura izeneko abesti honetan lasaiagoa den elektronika batera gerturatuko gaitu Elektropeñak.