Sexu eraso baten berri eman du Zarauzko Udalak, eta hura salatzeko deia egin du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 21a, 12:00

Herrian izandako sexu eraso bat salatzeko elkarretaratze deialdia egin du Zarauzko Udalak. Bihar izango da, 12:00etan Lege Zaharren enparantzan.

Zarautzen gertatutako sexu eraso baten berri izan du bertako udalak, eta horren berri emateko, “gaitzespenik gogorrena” adierazteko eta salaketarako deia egiteko adierazpen instituzionala plazaratu du.

Biktimari eta haren inguruari bere “laguntza eta hurbiltasuna” adierazi dizkio udalak plazaratutako oharrean, eta “errekuperazio eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar dituen informazioa eta udal baliabideak” eskura dituela azaldu du.

Gaineratu du udalak, erakunde gisa, “argi eta garbi” adierazten duela ez duela “inondik ere” onartuko “emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik”. Hala dio oharrak: “Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo baten ondorio da. Arazo horren helburua da emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea, baita zuzenean eragiten dieten mendekotasun eta diskriminazio egoerak mantentzea ere”.

Sexu erasoa publikoki salatzera animatu ditu udalak herritarrak, azkenik. Horretarako, bihar jarri dute hitzordua, ostiralean, 12:00etan Lege Zaharren enparantzan. “Izan ere, indarkeria matxista desagerrarazteko behar-beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa”.