Zarauzko Bilgune Feministak asteburuko sexu erasoaren harira Zumaian egingo den protestarekin bat egitera deitu du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 22a, 08:00

Erasotutako emakumea zumaiarra da, eta "berarekin zuzeneko harremana izanda" antolatu dute mobilizazioa Zumaiako Udalak nahiz bertako mugimendu feministak. Horregatik erabaki du Zarauzko Bilgune Feministak deialdi horrekin bat egitea. Gaur izango da protesta, 19:00etan Beheko plazan.

Zarautzen gertatutako azken eraso matxista salatu du bertako Bilgune Feministak, eta erasoa jasan zuen emakumeari eta bere ingurukoei “elkartasuna eta babesa” adierazi dizkie. Zumaiako mugimendu feministak bertako udalarekin elkarlanean deitu duen kontzentrazioan parte hartzeko deia egin du, eta gogorarazi du hitzordua gaur dela, 19:00etan Beheko Plazan. “Erasotua zumaiarra da eta berarekin zuzeneko harremana izanda antolatu dute mobilizazioa; horregatik erabaki dugu deialdi horrekin bat egitea”.

Plazaratu duten oharrean gaineratu dute gertaera, zoritxarrez ez dela “isolatua”. Denbora gutxian eskualdean eraso larriak bata bestearen atzetik gertatu direla azaldu dute, eta horri Gasteizko azken hilketa gehitu behar zaiola; “Euskal Herrian, aurten bosgarrena”. “Beste behin argi geratu da egiturazko bortxak inguratzen gaituela. Etxeak, kaleak, gauak gureak ere badira eta horietan indarkeriearik gabe bizi nahi dugu”. 

Horrez gain, Azaroaren 25aren harira herrian egingo diren asanblada, mobilizazio eta gainontzeko ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Gertatutako eraso guztiak irmoki salatzeko “ahalik eta jende gehien mobilizatzea” da Bilgune Feministaren asmoa, eskualdeko eragileekin elkarlanean. “Kalera ateratzeko, ahalduntzeko, saretzeko, elkartasuna adierazteko eta erasoei aurre egiteko garaia da, horrela soilik aldatuko baitugu emakumeok* bizi dugun errealitate gordin eta krudela. Hau ez da gure bakea, aske bizi nahi dugu”.