Eman Bostekoa bonu kanpaina jarri dute martxan, herriko ostalaritzari bultzada emateko

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 26a, 16:28

Ostalariek bost euroko bonuak banatuko dizkiete bezeroei, aurrerago erabili ahal izan ditzaten. Zarauzko Udalak finantzatuko du kanpaina.

Herriko ostalaritzari bultzada emateko kanpaina berria jarri dute martxan Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkarteak eta udalak: Eman Bostekoa.

Kanpainan izena ematen dutenen ostalaritza establezimenduen artean 5 euroko 8.600 txartel banatuko dituzte guztira, beraz, establezimendu bakoitzak eskuratuko duen bonu kopurua kanpainan parte hartzen duten ostatuen araberakoa izango da. Establezimenduek bonuak bezeroen artean banatuko dituzte, eta bezeroek aurrerago erabili ahalko dituzte bost euroko bonu horiek.

Zarauzko Udalak finantzatuko du kanpaina, 43.000 eurorekin. Parte hartu nahi duten ostalaritza zerbitzuek formulario hau bete beharko dute ostirala baino lehen. Edozein zalantza argitzeko, 688 61 44 73 telefono zenbakira deitu dezakete.