Xabier Egañaren artelanekin erakusketa mardula ireki dute

Aritz Mutiozabal 2021ko urr. 29a, 14:46

ArtEgaña elkarteak Torre Luzean, Frantziskotarren elizan eta Merkatu plazan jarriko dute erakusgai 'Begiak Argi' egitasmoa. Era berean, elkarrizketa eta mahai ingurua ere antolatu ditu.

Xabier Egaña artistaren ibilbidea luzea bezain oparoa da, eta ArtEgaña elkarteak haren artegintzari balioa emateko lanean dihardu azken urteotan. Oraingo honetan, Zarauzko Udalarekin elkarlanean, hilabete oso bat eskainiko diote artistari erakusketa mardul batekin. Izatez, erakusketa hirukoitza izango da aldi berean: Torre Luzean, Frantziskotarren elizan eta Merkatu plazako lehen solairuan.

“Bere obraren barruan, tamaina eta gaia desberdinak daudela ikusirik, erakusketa hiru multzotan banatzea erabaki dugu”, adierazi du Jorge Aristi ArtEgañako presidenteak. Erakusketaren izena Begiak Argi da eta “begiradan” zentratuko da, “begirada Egañarentzat kontzeptu garrantzitsua” delako.

Juan Ayesta komisario beasaindarraren gidaritzapean, Egañaren obrak bildu eta sailkatu dituzte espazio bakoitzean. Paperean egindako obra ikusteko aukera izango da Torre Luzean; Frantziskotarren elizan eta atzeko klaustroan , berriz, artistaren alde erlijiosoarekin lotutako lanak jarriko dituzte ikusgai; eta Merkatu plazan, azkenik, obra handiak jasoko dituzte.

Lehen bi guneak atzo bertan zabalduko zituzten, eta hirugarrena, berriz, astebete geroago, azaroaren 5ean, irekiko dute. Hiru erakusketak astelehenetik igandera egongo dira irekita, 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 28a bitartean.

Solaserako beta

Erakusketarekin batera, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Egañaren obraren inguruan. Azaroaren 5ean elkarrizketa bat antolatu dute artistaren eta Juan Ayestaren artean, haren ibilbidearen eta obraren inguruan hitz egiteko; saioa 19:00etan izango da, Antonianoko aretoan. Azaroaren 26an, berriz, mahai inguru bat egiteko asmoa dut leku berean. Bestalde, erakusketaren katalogo bat ere prestatu du ArtEgaña elkarteak, eta 5 euroan jarri du salgai.

Irune Urbieta Kultur zinegotziak Egaña arte ibilbidea goratu zuen, eta bere azken urteetako sormena nahiz ekoizpena areagotu egin dela nabarmendu du. “Lan asko egiten ari da gure inguruan, eta honen adibide, 2019an, berrogei urte lehenago Salbatore Mitxelenaren omenez Ikastolaren ondoan egindako muralaren zaharberritzea”, gogora ekarri du adibide modura.