Hamar urteko maitasun bat

Enekoitz Telleria Sarriegi- Berria 2021ko urr. 29a, 15:05

Triatloia Maite Dut egitasmoak hamar urte bete ditu aurten. «Komunitate bat; topaleku bat» josi dute kirol «erakargarri» horren inguruan: euskaratik eta euskaraz, gazteenei eta emakumezkoei begira taxututakoa. Berria egunkarian landu dute erreportajea.

Igerian, bizikletan eta korrikan. Hori izaten da abiatutako ekintzen eta pilatutako nekearen ordena triatloian. Kirolaren neurriak dira horiek, baina arrakasta ez da beti neurtzen postuen eta emaitzen arabera. Eta Triatloia Maite Dut egitasmoarenak baditu beste neurgailu batzuk (ere):euskara, gazteria, giza balioak eta emakumezkoen presentzia, esaterako.

Hamar urte egin ditu egitasmoak, eta sasoiko dago. Izaskun Isasti Muguruza da kideetako bat, eta Arazi enpresako zuzendaria ere bai; han dago egitasmoaren iturburua. «Arazi zer den ulertuz gero, hobeto uler daiteke zergatik sortu den Triatloia Maite Dut egitasmoa. Azken finean, Arazi kudeaketara, komunikaziora eta heziketara dedikatzen da, arlo horietako proiektuak garatzen ditu, eta lan asko egiten dugu gazteekin eta hezkuntza komunitatearekin», azaldu du.

Hamar urte baino gehiago egin du atzera. 2010ean eduki zuten lehen harremana triatloiaren munduarekin. Zarauzko Triatloi Elkartearen urteurren bat izan zen: «Gurekin harremanetan jarri ziren ekitaldia antolatzeko. Orduan ezagutu genuen mundu hori apur bat, eta ikusi genuen bazegoela nolabait hanka bat gutxiago garatzen zena: gazteena. Hor sortu zen dena. Pentsatu genuen: 'Eman diezaiegun aukera bat gazteei kirol hau ezagutzeko'».

Kirol mundua ez zitzaion arrotza Izaskun Isastiri. Eskubaloian aritzen zen, entrenatzaile, eta orduan ohartu zen: «12 urteko neskekin aritzen nintzen, eta ikusten nuen askok eta askok joera zutela adin horren bueltan kirola uzteko, eta taldekako kirola utzitakoan zer egin ez zekitela gelditzen zirela». Eta ez zela, gainera, uzten zuten gauza bakarra: «Albora uzten zutela euskara ere. Egiten zutela eskolan, baina aisialdian eta lagunartean ez; erdarara jotzeko joera zutela».

Erreportajea osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.