Hildakoen bisitaren zain

Onintza Lete Arrieta 2021ko urr. 30a, 10:00

Mily Perez Talamantes, etxean jarri duen aldarearen ondoan. Aita eta amona gogoratzen ditu, haien gustuko gauzen eskaintza eginda. (Onintza Lete Arrieta)

Kanposantuak lorez jantziko dira egunotan, baina egun tristea izan ohi da Santu Guztien Eguna; eskualdeko mexikarrek, berriz, festa giroarekin lotuko dute egun hori. Mily Perez Zarauzko bizilagun mexikarrak egun hauek nola bizi dituen azaldu du. 

Santu Guztien Eguna ez da oso egun alaia izaten. Kanposantuak lorez eta kolorez janzten dira, baina kolore festa hori ez da herritarrengan islatzen, ez behintzat gehienengan. Badira, ordea, azaroaren 1a beste modu batera bizi duten herritarrak. Mily Perez Talamantes mexikarra da horietako bat. Hamar urte daramatza Euskal Herrian bizitzen, eta Zarauzko bizilaguna da gaur egun. Ostegun arratsaldean atondu zuen etxea, bere gertuko hildakoen oroimenez.

Etxeko sarreran jarri zuen aldaretxo koloretsua. “Aita hilda daukat, eta jartzen diot kafea, zigarretak, gozokiak, rona… Gustukoak zituen gauza horiek. Amonatxoari ere jartzen dizkiot pasak”. Jaio eta handik gutxira hildako iloba baten argazkia eta jostailutxo bat ere baditu. Egun hori «festa» bat da berarentzat. “Nik badakit egun horretan gugana etortzen direla maite ditugun pertsona horiek, eta uste dut gogoratzen ditugun bitartean beraiek gurekin jarraituko dutela”, adierazi du.

Azteka kulturaren arrastoa

Mexikoko Santu Guztien Eguneko ohitura “nahasketa” baten ondorio dela azaldu du: “Espainiarren eta azteka kulturen arteko nahasketa bat da. Espainiarrek ezin izan zuten errotik erauzi ospakizun espiritu hori, eta erabaki zuten bi ohiturak uztartzea”.

Iparraldekoa da Perez, Chihuahua estatukoa. Eta azpimarratu du tradizio gehiago dagoela herrialdearen erdialdean eta hegoaldean. “Han ospakizun handiagoak egiten dituzte, eta hildakoari calaverita literaria deritzonak egiten dizkio jendeak; bertsoak, alegia”. Perezen lagun batek ere egina dauka halako bat, gaztelaniaz, baina testuan hemengo toki izen eta edariei aipamena eginda. Ikastetxeetan bertso lehiaketak egiten dituztela esan du Perezek. “Guretzat ez da triste egoteko eguna, kontrakoa baizik. Kanposantura mariatxiak joaten dira Mexiko hegoaldean eta iparraldean musika taldeak, eta jende asko eguerdirako hantxe biltzen da, eta bertan bazkaltzen dute, baita afaldu ere. Garagardoak, tekila… ez dira falta izaten, eta dantza asko ere egiten da”.

Perezek baditu lagun mexikarrak hemen, baina aitortu du ez daukala ospakizun berezirik egiteko ohiturarik hemen bizi denetik, etxeko aldarea kenduta. Txikitatik bizi izan du, izan ere, ohitura hori. “Azaroaren 1ean eta 2an beti jartzen genuen hildakoen aldarea, maite ditugun pertsonak oroitzeko. Zarautzen horixe egiten jarraitzen dut”.

Berak ez, baina kontatu du Donostian badela mexikarren talde handi bat, eta horiek ospatu ohi dutela egun hori oso sutsuki. Kultura bakoitzak pozak eta penak bere erara bizi dituen seinale, alegia.