Neguko ordutegia izango da igandetik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urr. 29a, 17:06

Igande goizaldeko 03:00etan ordubete atzeratuko da ordua, eta 02:00ak izango dira. Aurrerantzean, beraz, lehenago argituko du egunak goizean, eta lehenago ilunduko du arratsaldean.

Udazkena aurrera doan heinean, urtero bezala ordu aldaketa izango da hilaren amaieran. Datorrena urriko azken asteburua izaki, orduan gauzatuko da neguko ordutegirako aldaketa; hain zuzen ere, bihartik (urriak 30) igandera (urriak 31) bitarteko gauean aldatuko da ordua. Horrenbestez, igande goizaldeko 03:00etan ordubete atzeratuko da ordua, eta 02:00ak izango dira. Aurrerantzean, beraz, lehenago argituko du egunak goizean, eta lehenago ilunduko du arratsaldean.

Izatez, argi naturala aprobetxatzeko eta energia aurrezteko egiten dira ordu aldaketak, baina gaiak hautsak harrotu ditu azkeneko urteetan. Europako Batzordeak 2018an proposatu zuen ordua azken aldiz 2019an aldatzea, baina azkenean, 2021. urtera atzeratu zuten erabakia. Europako Batasuneko herrialdeen arteko desadostunak direla eta, ordea, oraindik ere luze jo dezake erabakiak, eta momentuz, ordu aldaketa ez dute bertan behera utziko.