Suediako VoNo abesbatzak abestuko du gaur Frantziskotarren elizan

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 2a, 09:45

Nazioarteko Ahotsak jaialdia gaur bukatuko da VoNo Vocals abesbatzaren emanaldiarekin. Saioa Frantzizkotarren elizan izango da, 20:30ean hasita.

Suediako abesbatza tradizioan ditu bere erroak VoNo Vocals ahots taldeak. 1999an sortu zen Lone Larsen zuzendari daniarraren eskutik, eta 12 abeslari profesionalek osatzen dute; hasieran Voces Nordicae izena zuen. Errepertorio anitza du: musikaren historiako ia aro guztietako piezak barnebiltzen ditu, baina arreta berezia eskaintzen die musika nordikoari, garaikideari eta inprobisazio-musikari.

Sarrera arruntak bost euro balioko du, eta abesbatzaren elkarteko kideentzat, aldiz, hiru euro. Sarrerak eskuratzeko aukera kontzertua baino ordubete lehenago izango dute herritarrek, eliza kanpoan egongo den postuan.