Kontzertu bereziarekin ospatuko da Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrena

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 6a, 09:00

Zarautz Abesbatzak antolatu du antolatu du musika eta poesia uztartuko dituen saioa. Azaroaren 13an egingo den emanaldian parte hartuko dute, besteak beste, Antton Valverdek eta Anjel Lertxundik. Dagoeneko salgai daude sarrerak.

Xabier Lizardi poeta zarauztarraren jaiotzaren 125. urteurrena bete da aurten, eta hori ospatzeko helburuarekin, emanaldi berezia antolatu du Zarautz Abesbatzak azaroaren 13rako. Musika eta poesia protagonista izango dituen saioa Lizardi Aretoan egingo dute 20:00etatik aurrera, gonbidatuekin batera.

Asteazken arratsaldean eman zuten ospakizunaren berri antolatzaileek, Vila Mundan egindako aurkezpenean. Beatriz Eizmendi izan zen hitz egiten lehena, koruaren izenean: “Iaz hasi ginen emanaldiaren antolaketarekin, aurten urteurrena beteko zela jabetu ondoren. Proiektua udalari aurkeztu genion, eta haien babesarekin, antolatzeari ekin genion”.

Zehaztu zuenez, emanaldian punta-puntako kolaboratzaileak izango dituzte: “Zarautz Abesbatzarekin batera arituko dira emanaldian, besteak beste, Antton Valverde, bere musikariekin batera: Joxean Goikoetxea akordeoi jolea, Francisco Herrero biolin jolea eta Iban Carmona biolontxeo jolea”. Musikari zarauztarrak ere izango dira haiekin batera: Iñigo Isasti, Zarauzko musika bandako 5 musikari, eta Antxon Sarasua piano jolea. Horiez gain, Anjel Lertxundi eta Alex Gurrutxaga idazleek, “beterano handiak eta gazte handiak”, errezitaldiak egingo dituzte.

Pizkundea
Alex Gurrutxaga idazle zarauztarra izan zen hitza hartzen hurrengoa. Lizardi “erraldoi” bat izan zela azpimarratu zuen hitzartzea hasitakoan, “Mitxelenak aurrena, eta gerora ikertzaile eta adituek esanda utzi duten modura”. Bere ikuspegitik, bi arrazoi nagusirengatik da “handia” Lizardi: “Batetik, bere obraren mailagatik, kalitateagatik. Bestetik, obra egin zuen garaiak ematen dion sonagatik, orduko kultur sistema ez zegoelako oraingoa bezain indartsu”.

Idazleak azaldu zuenez, Lizardiren bihotz-begietan poema liburutik ateratakoak dira emanaldian kantatuko diren abestien letrak. “36ko gerraren aurreko euskarazko liburu garrantzitsuenetakoa da”, erabaki zuen.  Euskal Pizkundeari ere egin zion erreferentzia, Zarautzen egingo den ospakizunaren testuingurua borobiltzeko: “Emanaldi honek hiru aro pizten ditu: gerra aurrekoen garaia da bat. Bestea, Lizardiren ondorengo belaunaldiena; alegia, poetaren obra guregana iristaraztearen alde lan egin zutenena (Xabier Lete, Antton Valverde…). Azkenik, gure garai hau ere pizten du saioak, berpizten du”.

Gurrutxagaren hitzetan, emanaldiak badu beste balio erantsi bat: “Ospakizuna Zarautzen pentsatu da eta hemen izango da, baina Euskal Herri guztiari begira proiektatua dago; hain zuzen ere, Lizardiren obra dagoen bezala”.

Esker oneko hitzak
Iñigo Agirre Lizardiren bilobak eta Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak esker oneko hitzak izan zituzten Zarautz Abesbatzarentzat, ekitaldia antolatzeko iniziatiba eduki izanagatik. Agirreren hitzetan, familia “irrikaz” dago ekitaldia ikusteko, eta “ohorea” da haientzat ospakizuna egitea: ”Izen handiak daude tartean, eta hunkigarria izango da. Ilusio handia egiten digu”.

Antolakuntzak azaldu zuenez, sarrerak atzo jarri zituzten eskuragai Modelo aretoko txarteldegian eta Interneten, 10 eurotan.